Hernani borroka eremu bilakatu zen. Goizaldean Guardia Zibilak ETAren Adarra komandoa-ren aurkako operazioa abiatu zuen, beste kide batzuek torturatuta, zein etxebizitzatan lokalizatu jakin ostean.
Galindoren aginduetara, Poliziak eraikina inguratu eta parean zuten etxetik ere tiro egiten zieten. Tiroketa handia hasi zen, beren etxebizitzatik tiroka erantzun baitzieten Juan Luis Lekuona Elorriaga Katu eta Agustín Arregi Perurena Txuria-k. Azkenik, barrura granada bat bota zieten eta kiskalita hil zituzten bi ekintzaileak.
Kalean, tiroketa entzun ostean, herritarrek aurre egin zieten guardia zibilei, eta bi gorpuak guztiz erreta ateratzen ikustean asaldura zabaldu zen Hernanin, istiluak eraginez. Arregiren hilkutxa Hernaniko udaletxeko osoko bilkuran jarri zuten eta hilerrian Poliziak berriro kargatu zuen bertaratutakoen aurka.
Kortatuk Hernani 15-VI-84 abestia egin zuen gertaera hau oinarri hartuta.
Joseba Zabalza, Gogoan hartzeko izenak. (Euskal Memoria Fundazioa).