Guardia Zibilak Altsasuko zortzi gazte atxilotu zituen. COVITEren eskaera oinarri hartuta, hilabete lehenago taberna batean kalez jantzitako bi guardia zibil eta haien bikotekideekin izandako istilua “eraso terroristatzat” jo zuen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak. Kasuaren justizia eza salatzeko, dozenaka milaka lagun mobilizatu zituen Altsasuko gazteen kausak, tamaina guztietako manifestazioetan. Kasua Espainiaren justizia ezaren sinboloetako bat bilakatu zen. Ondorengoa adierazi zuen ARGIAn Adur Ramírez de Alda gazte auzipetuak espetxetik irtetean: “Espainiako Estatuaren interes politikoei begira, gaizki atera zaie. Herriaren garaipena izan da”.