Euzkerea aldizkariaren lehen alea argitaratu zuten Bilbon. Euzkeltzale Bazkunak eratua, Euskaltzaindiak euskara arautzeko zituen irizpideen aurka sortu zen, hizkuntza arautzeko autoritate bakarra Sabin Arana zela iritzita. Euskaltzaindiaren buletina Euskera zen; Euzkerea izena, beraz, ez zioten ausaz jarri. Argitalpena elebiduna zen, euskaraz eta gaztelaniaz, eta 1936ko martxora bitartean 38 ale argitaratu zituzten. Euskal pizkundearen mugimenduaren barnean kokatu zen.
Iturria: Karmele Artetxe, Hizkuntza aferak goi mailako aldizkarietan: Euskera, Euzko-Gogoa, Egan eta Jakin (1921-1960) (Jakin, 2012ko uztaila-abuztua).