argia.eus
INPRIMATU
ETAk Melitón Manzanas hil zuen Irunen, torturatzaile ezaguna

ETAk Melitón Manzanas hil zuen Irunen, bere etxeko atarian. Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialeko burua zen eta Gestaporentzat lanean aritu zen Frantzia okupatuan, juduen zerrendak naziei pasatzen.

Pertsona asko era bihozgabean torturatzeagatik ezaguna zen donostiar hau. Poliziak Txabi Etxebarrieta hil ostean, erantzuteko gaitasuna zuela erakutsi nahi izan zuen erakunde armatuak, eta errepresioan ardura zuzena zuen frankismoaren sinbolo bat aukeratu zuten. Aldez aurretik prestatutako ETAren lehen hilketa izan zen.

Lurrikara politikoa eragin zuen, baita erantzun errepresiboa ere. Erregimen frankistak salbuespen egoera ezarri eta lau egunetan 300 pertsona atxilotu zituzten.

Emilio Lopez Adan, Borroka armatua Euskadin (1967-2011) (Maiatz).