Erreniegan borrokaldia izan zen Lehen Guda Karlistan, Iruñerrian. Astebete lehenago, liberalen komandante Baldomero Espartero Logroñora joan zela eta, Lizarraldean soilik bost batailoi liberal geratu ziren. Hori baliatu zuten tropa karlistek erasoa jotzeko eta aise gailendu ziren. Beren hamabost soldadu hil eta 150 zauritu ziren era berean, aurkariari 200 baja eta 550 preso eragin zizkioten. Karlistek gerrilla gerra egin zieten liberalei, eta Espainiako Estatu osoko guda izan arren, epizentroa Hego Euskal Herrian izan zuen, guda dinastiko batetik harago, bertako legeak errespetatuko zituela agindu baitzuen bi bandoetako batek. Hego Euskal Herriko altxamendua sei urtez luzatu zen, hiriburuak kenduta ia lurralde osoa kontrolatzen zuten eta Espainiako Estatutik milaka militar bidali behar izan zituzten kontrola eskuratzera.