argia.eus
INPRIMATU
Donostian faxistak ez ziren pasa eta azken hamarkadetako istilurik handienak izan ziren

Donostian azken hamarkadetako istilurik handienak izan ziren, Falangearen deialdi baten ondorioz. Erakunde faxistak hiriko Boulevardetik hasita martxa bat deitu zuen hispanitatea ospatzeko “España, una única nación” lelopean eta instituzio publikoek horretarano baimena eman zioten.

Hispanitatearen Egunean Espainiako estatutik etorritako dozenaka ultraeskuindarrek halako ekitaldia egitea probokaziotzat jo zuten askok eta aurre egitera deitu zuten eragile ugarik, besteren artean ondorengoek: Batasuna, Segi, EHGAM, LAB, CNT, Gazte Komunistak, ANV eta Red Latina Sin Fronteras. Deialdiari erantzunez milaka antifaxista bildu ziren berran, faxistak iritsi baino zenbait ordu lehenago. 

Ertzaintza agertu zenean, eremua hustu asmoz, herritarren aurka kargatu zuen Boulevardaren alde batetik bestera eta istiluak sortu eta hedatu ziren Alderdi Ederren lehenik eta hiriaren erdigune guztian gero, dozenaka edukiontzi errez eta hiria blokeatuz. Hiria poliziaren eta antifaxisten arteko borrokaleku bilakatu zen.

Egoera ikusita, Ertzaintzak ez zion utzi Falangeari hirira sartzen eta Espainiatik etorritako autobusak hiriaren kanpoaldeko Garbera merkatalgunean geratu behar izan zuten. Han 200 bat pertsona jaitsi ziren Espainiako banderekin, ikur naziekin eta Falangearen sinbologiarekin. 40 minutuz izan ziren han eta itzuli egin ziren. Parte hartzaileen artean zen Ricardo Sáenz de Ynestrillas faxista ezaguna.

 

Hurrengo asteetan dozenaka atxiloketa egin zituzten Donostiako gazte mugimenduan, u12-ko istiluak leporatuz.