Agirre lehendakaria klandestinitatetik atera eta Uruguaira iritsi zela aldarrikatu zuen. Gestapo eta Polizia frankista atzetik zituelako, Panamako pasaporte faltsuarekin ibili zen hamasei hilabetez, José Andrés Álvarez Lastra izenpean. Uruguai zapaldu ahala bibotea kendu eta Jose Antonio Agirre Lekube lehendakari erbesteratu gisa aurkeztu zen jendaurrean. Francoren gobernuak, haserre, difamazio kanpaina batekin erantzun zuen. Prentsak Agirreri izugarrizko oihartzuna eman zion ordea, eta euskal diasporaren babes osoa izateaz gain, nazioarteko hainbat agintarirekin izan zituen bilerak eta ekitaldiak. Hunkituta azaldu zen Agirre egunerokoan: “Kartzelan daudenek ikusiko balute!”.
Iturria: Ingo Niebel, A la caza del primer Lehendakari. Franco, Hitler y la persecución del primer presidente vasco (Penguin Random House).