Kointzidentzia harrigarriak daude bizitzan. Izan ere, zenbat ikusle elkartu litezke Arriaga antzokian? Zenbat komun ote daude solairu bakoitzean? Zein probabilitate dago Gipuzkoako emakume bik sartu-irtenean leku eta istant berean kointziditzeko, 35 urtean elkar ikusi barik egon ostean?
Hala aurkitu nuen Itziar aurrekoan, bera irteten, ni sartzen.
Inoiz zenbatu duzue zenbat pertsona pasatu diren gure bizitzetatik? Batzuk denbora laburrean egon dira gure ondoan, anekdota hutsa gure biografian. Beste batzuk txikitatik dauzkagu alboan, eusleak dira. Badaude, ostera, beste zenbait, gure historiako bolada konkretu batean oso inportanteak zitzaizkigunak, baina denboraren joanean, bideak bereizi eta euren pista galdu genuen.
Itziar hirugarren multzokoa da. Ikaskideak izan ginen karreran, mahai berean jesartzen ginen. Ni kokolatxoa nintzen, umea, bera modernoa eta ausarta. Feminista konbentzitua. Bizitzeko beste modu bat dagoela ere erakutsi zidan.
Arriagan elkar besarkatu baino ez genuen egin. Eskerrak eman nahi nizkion, baina. Orduan zein garrantzitsua izan zen esateko premia nuen.
Milesker, Itziar!