argia.eus
INPRIMATU
‘Shop like a billionaire’
Sonia González @sonetska 2025eko otsailaren 19a
DOM CAMPISTRON

Iragarki batek mugikorrean salto egiten dit aspaldion. Nire mundua koloreztatuko duela egiten dit promes. Aplikazio horrekin milioidunek bezala erosi ahal izango omen dut. Produktu merkeak, oso merkeak, baita doakoak ere. Momentu historiko soziologikoak eskatzen duen marketinaren dianan jo dute. Aplikazio ezagun hau ez da bakarra, jakina, baina honek, gainera, pandemiak ekarri zuen inflazioa aprobetxatzen jakin zuen mundutik zehar zabaltzeko. Dena garestitu al da? Guk aukera emango dizuegu ilusio berean bizitzen jarraitzeko.

Milioidunek bezala erosi. Kantitatean, behintzat, kalitaterik eskaintzen eta eskatzen ez denez gero. Baina, bueno, azken batez, kontsumismoak horixe bultzatzen du, ezta? Eta hala amaitzen dugu, behar ez ditugun gauzak desiratzen eta batere baliorik ez daukaten objektuak pilatzen, harik eta zakarrontzian amaitu arte. Ez, ez dute truke baliorik, baina ezta erabilera baliorik ere. Zein da euren balioa, orduan? Erostea, gastatzea, edukitzea. Eta, sakonean, animoak lasaitzea eta kontsumismo horrek sorrarazi digun monoa apaltzea.

Leloarekin asmatu zuten. Historikoki beste estatus bat betetzea desiratu izan dugu, gure barrenetan pil-pilean omen dagoen grina aitorrezina da. Baina gauzak erosi ahal izatea nahikoa al da beste estatus bat betetzen dugula sinestarazteko? Argi eta garbi, ez. Seguru beste zeozer ere badagoela…

Estatusa hierarkikoa da definizioz. Ez da horizontala, bertikala baizik. Beste estatus bat betetzeko (edo betetzen dugula sentitzeko) beti izan beharko dugu beste inor azpitik, gure menean. Eta menean izateak agindupean baino ez du esan nahi. Hitz batean: morroiak.

Nork betetzen ditu funtzio horiek, orduan?

Beste estatus bat betetzea desiratu izan dugu, gure barrenetan pil-pilean omen dagoen grina aitorrezina da. Gauzak erosi ahal izatea nahikoa da beste estatus bat betetzen dugula sinestarazteko?

Zaintza krisiaren aurrean gobernuek hautu kontzientea egin zuten aspaldi: familien bizkar utzi eta, irtenbide errazik ez daukan ataka larri horri aurre egiteko, kanpotik etorritako hainbat lagun, gehien-gehienbat emakumeak, horretara bideratu. Eta hautu kontzientea dela diot, horretara datozelako atzean dauden politika guztiak, atzerritar legetik hasita, langile horien guztien ikasketak eta prestakuntza administratiboki ez onartzeraino.

Antzina, herrietatik hirietara joandako gazteak sartzen ziren neskame, dirudunen etxeetan. Kolore eta jatorri berekoak ziren; ezberdintasun bakarra, klasea. Horrek, argiki, klase gatazka azalarazten zuen. Baina, ikusi dugunez, fenomenoa aldatu eta zabaldu da. Orain, ugazaba ez da zertan diruduna izan eta “neskameak”, euren herrialdeetan ez ziren bezala, hemen ere ez dira beste klase batekoak, beste jatorri batekoak baizik.

Baina etxeko langileena ez da adibide bakarra. Hortxe dira, besteak beste, delivery plataformak. Zer nahi, horixe agindu eta norbaitek egingo du gugatik atoan. Ezin dut burutik kendu harako abeslari ospetsua, desordutan titiburuak ezkutatzeko txopera batzuk behar zituela otu zitzaiona. Edo bere patata tortillagatik arrantzaka zebilen modeloa. “Non dago nire tortilla?! Non dago nire tortilla?!”. Potrohandi hori! Hartu patatak eta arrautzak eta izan pertsona funtzionala!

Horra hor garena baino gehiago garela apurka-apurka sinetsarazteko mekanismoaren hanka bi: gauzak eta gauzak pilatu ahal izateko aukerak, eta ugazaba sentitu ahal izateko erraztasunak.

Bide batez, jatorriak eta arrazak zeharkatzen dituzten adibideak dira denak, baita lehenengoa ere, jakin badakigulako Txinatik datozen huskeriak zelan ekoiztu diren. Eta berdin digu.

Milioidunen antzera erosten jarraituko dugu eta gure mundua koloreztatuko da.