Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta zabal gelditzen den komuna bideta kendu, bidet-mangeratxoa jarri eta dutxarako hanka altxa beharrik ez denean.
Komunari eman diogun lekua beregain jasotzen duen karga kulturalaren emaitza da. Gorputzaren garbitasuna, buru eta aurpegiaren apainketa eta biluztasuna biltzen duen etxeko txokoa da, glups, ez da gutxi. Egiteko handiak gertatzen dira bertan baina ez da etxeko gelarik kuttunena edo zainduena izaten, funtzionala izatea eskatzen diogulako batik bat. Komunak etxearen fatxada zati bat izateko ohitura galdu dugu, aireztapen mekanikoarekin usaina eta hezetasuna berdin libratu dezakegunez, etxearen iluntasun guneetara barneratu dugu eta tamaina kendu diogu. Behin argi naturaletik aldenduta, bertan gertatzen dena denbora-funtzionala da, erlaxaziorako bainua hartzeak zentzua galduta.
Baina komunaren funtzionaltasunak ez dio komunari balio intimoa kentzen. Krisketadun gela izaten da eta askorentzat mundutik aldentzeko etxeko gune. Eta ezin ahantz ispiluaren aurrean gure aurpegia eta gorputz biluzia egunero ikustearen balio handia. Baina komunarekiko kontaktu emozionala mozteko intentzioarekin agian, komuna polita izateari uko egin diogu. Horretarako komunak beste balio espazial bat hartu behar du etxean, interes estetikoa bereganatzeko. Argi naturala komunetan berreskuratzea funtsezkoa da, leiho batekin ez bada, pareta zehar-argien bidez, eta etxeko espazioekin lotura bisualen bat sortzea. Biluztasunaren gordailua izateagatik etxeko komuna itxia eta besteen bistatik aldendua egin dugu, pribatutasunaren ideia espazial zurrun bat oinordean hartuz. Etxeko komunean badago biluztasunaren inguruan zer berriztatu eta iraulketak ondorio espazialak izango ditu, ziur egon zaitezte.