Autoestimuak batzuetan gauza intimoa dirudi. Baina autoestimuak zerikusia baldin badu norberak bere buruaz duen irudiarekin, norbere buruari ematen zaion balioarekin, zerikusia izango dute hartu ditzakeen erabakiek ere. Zer balio du erabakirik hartu ezin duen norbaitek? Eta jartzen gara orduan amari begira. Eta erabakitzen dugu gure partez erabakitzen zuela, eta ez zituela ospatzen gure hautuak, izatez, fidatu ere ez zela inoiz gure irizpideaz fidatu, eta beti sentitu garela zuzenduak, eta... amek egiten dizkiguten gauza maltzur horiek guztiak (uteroan gaudela hasten dira amak gu puteatzen: estresatuta dago, erre egiten du, edo txorizoa jan, eta lehen traumak sortzen dizkigute).
Eta, agian, joango gara eskolaraino. Andereñoak daude eskoletan: ikasturte amaierako festak neska gaztez zaindutako haur taldeak dira. Eta andereñoek amek bezainbeste traumatizatzen gaituzte, ez dituztelako gure jakin-mina, sentimenduak eta mugimendu beharra ulertzen, eta ikastera behartzen gintuztelako eserita, biribilean.
Gutxitan jotzen dugu egunkarietara gure buruko arazoak azaltzeko. Gutxitan uste dugu erotu garela pandemian ezin genuelako erabaki guretzat zer zen ona, edo DANAren bat gertatuta ez dugulako gu eta geureak eta inguruko espeziekideak, inguruko beste espezietakoak babesteko aukerarik izango, gure baliabideak ez direlako gureak; edo Palestinan hiltzaile egiten gaituztelako; gurean iritsi berrien zapaltzaile; ez dugu uste erotu garela gure ilusioa txostenetan ito delako. Ez dugu uste autoestimua galtzen dugunik gure edozein erabaki esanguratsu indarkeria ekintzatzat joko delako.
Agian, arrazoi zuten denek, ez erabakitzeko prestatzen gaituztenek. Badakite klase batekoak garela, badakite genero batekoak garela, badakite... ezingo dugula erabaki, eta horretara ohitu egin behar dela. Batzuk hiltzen dira erabakiak hartzea arriskutsua dela ohartu gabe, hartzen dituztela uste dutelako etxea nola ordenatu erabakitzean, zer jantzi, ez haserretzea (amorruak kalte egiten baitio daramanari, diote ergelek). Ohartu eta marmarka hasten bazara, “bai, bai, nahi duzuna, baina zein gizartetan bizi behar duzu?” birbideratuko zaituzte, eta lortzen ez badute, nolabait hil. Ahal badute. Seguruagoa da autoritatea inoiz ez identifikatzea. Seguruagoa da bizitzeari uko egitea. Bizitzeko, hiltzeko prest egon behar da.