argia.eus
INPRIMATU
Erbeste debekatua
David Bou 2024ko ekainaren 12a

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús Rodríguez (Santa Coloma de Gramenet, Herrialde Katalanak, 1974) kazetaria da, Directa komunikabide kooperatiboaren sortzaile eta bazkidea. Polizia eta justizia gehiegikerietan aditua da, eta bere egungo egoeraren zergatia ulertu nahi badugu, kontuan izan behar dugu aditua dela kasualitatea ez diren beste gauza askotan ere.

Jesús duela zenbait hilabetetik dago erbesteratuta Genevan (Suitza), Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia-Castellók Tsunami Democratic auzian inputatu ondoren. Voxen eta eskuin muturreko beste taldexka batzuen herri-akusazioen eskutik, epaileak Jesús eta beste hamaika pertsona seinalatu ditu plataforma horren indarkeriarik gabeko ekintzak koordinatzeko ustezko arduradun gisa. Izan ere, 2019ko udazkenean, Tsunami Democratic mugimenduak protestak antolatu zituen, 2017ko urriaren 1eko erreferendumari lotuta lider sozial eta politikoei jarritako epaiaren aurka.

Terrorismo salaketak dira, ez gehiago ez gutxiago. Horregatik, eta ikusita kausa horrek berme falta nabarmena duela, eta botere judiziala auzia erabiltzen ari dela Amnistia Legea lehertzeko ariete modura, Jesúsek erbesteratzea erabaki zuen. Idazmahaia bere horretan geratu zen, baina erredakzioko aulkiak hutsik jarraitzen du. Ordutik, ikasi behar izan dugu Jesúsen hutsunearekin bizitzen eta sortzen digun amorrua aurrera jarraitzeko indar bihurtzen. Ezin liteke bestela izan, zeren, hain zuzen, euren helburua baita gu derrotismoan eta blokeoan hondoratzea.

Nor da terrorista, bere herriaren erabakitzeko eskubidearen alde modu baketsuan borrokatzen dena, edo Gazan 35.000 pertsona baino gehiago hil ondoren Netanyahu harakina babesten duena?

78ko erregimeneko bunkerrak dio “ihes egindakoak” direla Jesús eta gainerako erbesteratuak, baita haien aurretik Herrialde Katalanetatik, Euskal Herritik eta estatuko beste nazio batzuetatik joandakoak ere. Ez dute onartzen beraiek direla ihes fisikora behartu dituztenak, aurrez aurre ezingo luketelako Jesús eta besteen argudiorik gainditu ezta euren duintasunari aurre egin ere. Hain dira koldarrak, ezen Kataluniako azken hauteskunde-kanpainan hauteskunde-batzordeak debekatu egin baitzien komunikabide publikoei, pertsona horiei askatasuna babesteko utzi dieten irtenbide bakarrari erbesteratu eta erbeste hitzekin erreferentzia egitea.

Tsunami Democratic-en aurkako kausa bultzatzen duen ultraeskuinari ondorengoek ematen diote oihartzuna: magistratu inkisidoreek, komunikatzaile gezurtiek eta trantsizioaren "konkordia-espirituaren" gainerako buruzagiek. Eskuin mutur horrek gorroto diskurtsoak zabaltzen ditu, euren estatu homogeneo eta autoritarioaren ikuskeran tokirik ez duten gutxiengo sozialak izutzeko. Nire galdera zera da, nor da terrorista, bere herriaren erabakitzeko eskubidearen alde modu baketsuan borrokatzen dena, edo Gazan 35.000 pertsona baino gehiago hil ondoren Netanyahu harakina babesten duena?

Errugabetasunaren amaiera iritsi da, eta gaur jabetu nahi izan duenak badaki joko honen arauak tranpaz eraikita daudela; edonola ere, argi izan behar dute ez dugula partida utziko. Orain, hilero milaka euro behar dira Jesúsen erbestealdiari eusteko eta elkartasuna eskatzen dizuegu hori lortzeko. Hala ere, bada zerbait garrantzitsuagoa: mundu guztiari azaldu behar diozue Espainiako Erresuman, 2024an, badirela pertsona zintzoak etxea utzi behar dutenak, beren idealen alde borrokatzeagatik. Jesúsen aldeko kanpainaren lemak dioen bezala (www.nosaltrespertu.cat): "Tu per nosaltres, nosaltres per tu" [Zuk guregatik, guk zuregatik]. Hemen ez du inork amore emango.