Aspaldian, norbaitekin zerbait komentatu nahi genuenean berarekin geratzen ginen edo telefonoa hartu eta deitzen genion. Gaur, berriz, whatsapp bat bidaltzeak ordezkatu du solasaldia. Eta berdin du non eta noiz harrapatzen zaituen; igorleak behar edo nahi duenean bidaltzen du, ordu txikitan bada ere. Ezin jakin zenbatetan mezu berri baten notifikazioak alertan jarri nauen hurbileko bati zerbait larria gertatu zaiolakoan, okurrentzia edo iritzia, atalka azaldutako bakarrizketa edo laneko "larrialdia" jasotzeko; guztiak itxaron ahal zuten auziak.
Borroka galdua bada ere, partaide naizen hainbat elkarte edo antolakundetan gaia mahai gainean jarri dut eta mezuen bidalketarako ordutegia murrizteko eskatu. Talde batzuetatik alde egin dut. Bat-bateko mezularitza horren atzean komunikazio eredu erasokor eta inbaditzailea dago, norberaren kronemika errespetatzen ez duena eta askotan noranzko batean (goitik behera) ematen dena. Horregatik, ez entzutearena egiteko eskubidea aldarrikatzen dut, baita deskonektatzekoa ere, bereziki lanez ari garenean. Irtenbidea ez da hartzaileak isilean izatea, igorleak bidali aurretik bi aldiz pentsatzea baizik.