argia.eus
INPRIMATU
Hiru(ki)
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2022ko abenduaren 14a
'Etham Frome' | Edith Wharton | Erein eta Igela, 2022
'Etham Frome' | Edith Wharton | Erein eta Igela, 2022

Whartonen Etham Frome irakurri aurretik bi hitzaurre aurkituko ditu irakurleak: lehenengoa ,itzultzaileek beraiek idatzitako sarrera argigarri bat da, eta autorearen testuinguru zein datu biografiko batzuk jasotzeaz gain, liburuaren analisi zehatza ere egiten dute; eta bigarrena, autoreak egindako hitzaurrea da, biziki interesgarria gainera. Izan ere, emakume idazle batzuk erabili izan  zuten (edo duten?) estrategia erabiltzen du: umiltasun inpostatu bat performatzen du (nire meritu bakarra da, agian, igarri izana obra haietan erabilitako prozedura orobat aplica lekiokeela nire kontakizun xumeari) berarengandik espero ez dena egiten jarraitzeko: idatzi.

Liburuaren lehen esaldiak harrapatu nau ni. Irakurri orduko jakin nahi izan dut zein den ahots narratiboak zatika- zatika eta jende askoren ahotik hainbestetan entzun duen historia hori. Esaldia intrigaz beterikoa da, misteriotsua. Baina informazio esplizitu horretaz gain, jendea elkar ezagutzen den espazio batean kokatzen gaitu. Ziurrenik herri txiki batean, ziurrenik landa eremuan.

Gauza askotan asmatzen du Whartonek (arrazoi askogatik da XX.mendeko idazle garrantzitsuetako bat) baina bereziki pertsonaien arteko tentsioan eta orekan egiten du distira. Hirugarren pertsona orojakilea da ahots narratiboa; autoritatezko ahotsa da, dena dakiena: besteak beste, pertsonaiek esaten eta (bereziki) isiltzen dutena edo esaten dutenaren, erdizka erakusten dutenaren eta egiten dutenaren arteko desberdintasuna. Ahotsak konplize egiten gaitu eta irakurtzen ari garenaren testigu.

Ethan Fromek bi emakumeren artean hautatu behar du: maite ez duen Zeena emaztea, kexatia eta iluna dena (XIX. Mendeko etxeko aingeruaren adibide bat izan daitekeena) eta Mattie, gaztea, bizipozez betea dagoena (XX.mende hasierako emakume berrearen adibidea). Liburuak aurrera egin ahala intentsitatea igo egiten da eta Zeenaren mesfidantzak eta jelosiak, Ethan Fomeren barne borroka kartsuak eta Mattieren maiteminak egoera atomikoa sortzen du.

Liburu ingeniosoa da benetan, ironiaz betea eta dilema moral baten aurrean jartzeko gaitasuna duena, sakona. Erritmo pausatua du baina intrigaren elementuak aurrera egiten laguntzen digu eta oso ongi irakurtzen da.

Liburu hau azken urteetan ikusten ari garen gorakadaren beste adibide bat da (bide batez, esan guztiz beharrezkoa eta zoritxarrez nahikoa ez dela): emakumeek sortutako literatura unibertsala euskaraz irakurtzeko aukeran beste urrats bat. Miren Arratibel eta Aintzane Atelak egin dute euskararako zubi lan benetan profesionala.