argia.eus
INPRIMATU
Gure ahizpekin bakarrik
Irati Tobar Eguzkitza 2021eko urriaren 31

COVID-19aren eraginak eta ondorioak gure gorputz eta bizitzetan egonkortzen ari diren honetan, sindemia gainditu gabe pandemia ostea datorrela esaten digute komunikabideen bitartez. Musukoek era argigarrienean adierazten digute hau ez dela horrela. Gure bizitzek, aldiz, etengabe oihukatzen dute: batetik, gertukoen falta gogoratuz, bestetik, osasun zein zaintza zerbitzu publikoak non dauden galdetuz, eta, zer esanik ez, lan eta bizi baldintzen kaskartzea salatuz.

"Klase sozial baxukoak –parkeko latak– jazarriak, egoera hobea dutenak –tabernako konbinatuak– baimenduak. Soberan daukaguna, polizia. Faltan, musika eta arautu gabeko dantza amaigabea"

Aurre-pandemia egoera nahi duenak, gaueko ordu txikietan parranda batera hurbiltzea besterik ez du. Egoera ekonomikoaren arabera, latak edo konbinatuak, biak ala biak musikaz lagunduak. Klase sozial baxukoak –parkeko latak– jazarriak, egoera hobea dutenak –tabernako konbinatuak– baimenduak. Soberan daukaguna, polizia. Faltan, musika eta arautu gabeko dantza amaigabea.
Parranda girora itzultzea, hori bai plazera! Atzean utzi nahi ditugu aulki eta terrazak, ongi etorriak barrako poteoa, musika eta dantza. Babosoak errekara edo matxete al matxote, hori ez da aldatu, neskak! Kantatu, maitatu eta dantzatu ezin bada, ez da gure iraultza!

Parrandara itzulita, bat bateko galernan hasi da ‘perreoa’ herriko tabernan. Perreoa nahi dut hasi eta buka. Nire ahizpekin bakarrik. Distantzia sozialak nahi ditugunekin eta nahi ditugunean murriztuz. Gure gorputzen jabe izanik, erritmoa deseraikiz, fuera tabu danak dantza lekuetatik. Itzali erakusleihoak mugikor eta sare sozialetatik. Eskatu zure kanta eta gozatu gogotik.
Herrietako tabernetara iritsi da, kaleetara iritsi da; autodefentsa feministaren aldarria iritsi da. Uholde feminista iritsi da. Dantzalekuetan erlazionatzeko beste era bat iritsiko al da? Ahaldundu gaitezen, espazioa hartu, okupatu eta, bereziki, dantzatu. Askatu, gozatu, arauez ahaztu, arauak apurtu.

Pandemia garaian modu batera edo bestera isolatutakoak, harremanak murriztu edota galdu dituztenak, arauek itotakoak, zaintzek lotutakoak, gorputzetan presio estetikoa bizitakoak... Aski da Ño, esan ozenki, gure ordua heldu da, Ño! Egin bat, denok bat, bat zuk eta bat nik. Dantzalekuak zain ditugu, kaleak eta gauak ere bai; geureak dira! Elkar zaindu gaitezen, normaltasun berria ez baita gure bakea.

Libre maite, libre bizi, zure aukerari eutsi!