argia.eus
INPRIMATU
Sevillako Casas Viejas zentro sozialaren erresistentzian poliziak torturatu zituen ekintzaileei arrazoia eman die Estrasburgok
  • Casas Viejas izeneko gune autogestionatuaren desalojoa hasi zuen poliziak 2007ko azaroaren 29an, Sevillan (Andaluzia). Uste baino gehiago kostatu zitzaien: sei pertsona eraikinera kateatuta zeuden eta horietako bi lau metroko sakonera zuen tunel baten amaieran. 36 orduz eten zuten desalojoa, hirian protesta handiak eraginez. Azkenean, Poliziak lurpean zeuden bi kideak torturatu egin zituen aska zitezen. Hala salatu zuten berehala, Espainiako Estatuak salatu egin zituen, eta 12 urteren ostean, Estrasburgok arrazoia eman die. ARGIAk erresistentzia historia honetako protagonistetako batekin hitz egin du.

Lukas Barandiaran San Roman 2019ko urtarrilaren 24a
Casas Viejas hustu ostean, ekintzaileek egindako ekimena. (El Salto artxiboa)
Casas Viejas hustu ostean, ekintzaileek egindako ekimena. (El Salto artxiboa)

Kaleratzetik hamaika urte igaro direnean itxi da Sevillako Casas Viejaseko erresistentziaren azken kapitulua. 2018ko azaroaren 20an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Agustin Toranzori arrazoia eman dio. Lurpeko erresistentzia horretan parte hartu zuen. Espainiako Erreinuak 8.225 euro ordaindu beharko dizkio bere adierazpen askatasuna urratzeagatik.

Desalojoaren biharamunean, prentsaurreko batean, Toranzok adierazi zuen Casas Viejasen kaleratzean Poliziak tortura erabili zuela haren eta Iban Diaz kidearen kontra. Espainiako Gobernuak salatu egin zuen Poliziaren kontrako irain eta kalumniak egotzita, eta Sevillako auzitegi batek zigortu egin zuen. Honek argi zuen ordea gertatu zena eta bataila judiziala eman du, azkenik, Estrasburgok arrazoia eman dion arte. Epaileek adierazpen askatasunaren gaia hartu badute ere ardatz, epaiak torturen existentzia frogatzen du, zeharka bada ere. Torturarik egon izan ez balitz, Toranzo kalumniengatik zigortuko zuketen. Toranzok dio, oro har, Sevillako auzitegiak ere aitortu egin zuela “guk salatutako guztia egin zigutela”. Baina Toranzo zigortzea erabaki zuen epaitegiak.

Casas Viejas zentro sozial okupatuaren sarrera. (El Salto artxiboa)

“Nola aitortu dezakete egin ziguten guztia egia dela, eta hala ere kalumniengatik zigortu?”, galdetzen du Agustin Toranzok berak. Telefonoaren bestaldetik, ekintzaileak berak argi du: Espainiako Estatuko legediaren arabera, umiliazioa edo aitorpen bat egon behar da tarteko tratu txar bat tortura dela esateko. Beraz, ekintza mota bera tortura izan daiteke edo ez, Poliziak duen helburuaren arabera.

Horixe da Espainiako Estatuaren jarduteko modua, eta hain zuzen jardute horren inguruko dudak eduki zituzten ekintzaileek zentro sozialaren erresistentzia prestatzen. Kaleratze eguna baino hiru urte lehenago hasi ziren lanean. “Helburua Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen kaleratzean gertatukoa errepikatzea zen”, dio. Desalojoa hainbat egunez luzarazi nahi zuten, “operazioa ekonomikoki eta errepresiboki garestiegi egin arte”. Itoitzen eta Ingalaterran 90eko hamarkadan, autopisten, aireportuen eta azpiegitura handien eraikuntzen kontra erabilitako erresistentziak hartu zituzten eredu, Toranzoren arabera, eta haiena sortu zuten.

Casas Viejasen alde mobilizazio ugari egin zituzten. (El Salto artxiboa)
Erresistentzia latza

Polizia iritsi zen unean sei pertsona zeuden kateatuta barnean. Horietako bi, bertikalean lau metroko sakonera eta perpendikularrean beste lau metroko luzera zuen tunel batean zeuden. Amaieran zegoen gelatxoari ate blindatu bat jarri zioten. Gelatxoan argia, ura, janaria, oxigenoa, aireztapen konduktuak, kamera ezkutuak eta bi pertsona kateatzeko hodiak egokitu zituzten. Sarean erraz topa daitekeen Londres no es Sevilla dokumentalean bikain kontatu zuten egun horietan geratu zena.

Tunelaren argazkia. (El Salto artxiboa)

Diazek eta Toranzok 36 ordu iraun zituzten lurpean kateatuta. Lehenak aurretik uste zuen Poliziak bortizkeria erabiliko zuela haiek ateratzeko; bigarrenak berriz, ongi prestatutako teknikari eta profesionalak erabiliko zituztela. Bien zoritxarrerako, lehenak asmatu zuen.

Polizia burua haiengana jaitsi zenean argi esan zien “Londresko eta Sevillako lurrak oso desberdinak” direla, eta Ingalaterrakoak erreskate tekniko bat baimentzen zuen bezala, Sevillako lurra ezegonkorra dela eta ezin zela halako erreskaterik egin. Hortik “Londres ez da Sevilla” izenburua. Toranzok ongi gogoratzen du: “Benetan esan nahi zuena zen hemengo Poliziak ez zuela erreskaterako tresna teknikorik erabiliko gu aterarazteko, baizik eta tortura”.

Hormigoiarekin paretari ongi itsatsitako hodi banatan zeuden kateetara lotu zuten eskumutur bana, eskaladan erabiltzen diren mosketoiekin. Iritsi eta berehala, Poliziak Toranzo eta Diaz sokekin lotu eta haiei tiraka hasi ziren. Ezkutatuta zituzten kameren grabazioetan bi ekintzaileen une horretako oihu latzak entzun daitezke. Toranzok dio hori izan zela une gogorrenetariko bat. “Ibani ia-ia eskumuturra hautsi zioten, ezin zuen mugitu”. Ordu luzez eskumuturra kaltetuta, Diazek ezin izango zuen bere eskua hoditik askatu nahi izan balu ere.

Horrelakoa zen erresistentziarako prestatu zuten tunela. (El Salto artxiboa)

Polizia operazioa luzatzen ari zela ikusita, kalean hondeamakina geldi eta protestetan geroz eta jende gehiago biltzen ari zenez, Poliziak mehatxuka hasi zirela oroitzen du ekintzaile andaluziarrak. Gasa erabiliko zutela eta haien kontrako diligentziak puztuko zituztela esan zieten, besteren artean. Ura, janaria eta oxigeno bonbonak kendu zizkieten. Hala ere, biek zirkinik egin gabe han jarraitzen zuten, lau metro lurpean. Polizien burua aska zitezela erregutzera heldu zen: “Ez zait buruan sartzen nola egin ahal izan duzuen hau. Ziur ez dela inolako modurik zuen eskutxoa hortik atera eta tunel honetatik irteteko?”, galdetu zien. Haiek ezetz, baldintza bakarra zela desalojoa geratzea eta hondeamakina bueltan eramatea.

Paretara kateatuta zeuden. Argazkian, ekintzailearen aurpegia ordenagailuz estalita ageri da.. (El Salto artxiboa)

Toranzo eta Diazek behin eta berriz errepikatzen zieten ez zela posible hala askatzea, kateatuta zeudela eta irtenbide bakarra suhiltzaileen erreskate taldeak askatzea zela. Ondorengo ordu luzeetan negoziazio luzeak izan zituzten Poliziarekin, suhiltzaileekin eta bitartekariekin. Beatriz Moreno, guneko kidea, eta Diego Cañamero SATeko sindikalista eta politikari andaluziarra ibili ziren horretan. Dokumentalean ongi ikusten da bi kideen egoerak kanpoan sortzen zuen egonezina, baita jaso zuten babes zabala ere. Baina Polizia ez zegoenez prest desalojoa geratzeko, negoziaketek ez zuten emaitza onik eduki. Kanpoan kaleratzearen kontrako protestak gora ari ziren, hiriko etorbide nagusi ugari moztu zituzten manifestariek, eta Espainiako Estatuko telebistak kasua ezagutarazten ari ziren. Azkenean, Poliziak erresistentzia errotik moztea erabaki zuen.

Okupazioaren aurkako tortura

Bi agente tunelera sartu ziren Sevillako urak kudeatzen dituen Emasesa enpresako jantziekin mozorrotuta eta suhiltzaileen onespenarekin. Kamera ezkutuak zeudela konturatu zirenean, itzali egin zituzten. Esku bat paretara kateatuta izaki, beste eskuak sokekin lotu zizkieten eskumuturretan berriro, odol zirkulazioa moztuz. Buruz behera etzanda zeudenez, eskumutur hori bakoitzaren orkatilei lotu zieten prezintoarekin, gorputza jarrera deserosoan mantenaraziz. Ekintzaileek gerora kontatu dutenez, hala eduki zituzten 45 bat minutuz. Egoera horrek min zorrotza eta iskemia eragin ditzake: odol falta dela eta, gorputz atal baten gangrenatzea. Halako bi saioren ostean, –eta paretari lotuta zuten eskuko mugikortasuna galduz gero mosketoia askatzeko gai izango ez ote ziren beldurtuta– , bi ekintzaileek azkenean beren burua hoditik askatu zuten, erresistentziari amaiera emanez. Desalojoa ostegun goiz batez hasi zen, eta txalo zaparrada eta malko artean, larunbat iluntzean atera ziren Toranzo eta Diaz eraikinetik.

Kalean protestak antolatu zitzuten herritarrek, eta desalojoa luzatu bitartean tentsioa gora zihoan. (El Salto artxiboa)

Aurrez aipatu bezala, torturatu egin zituztela salatu zuten, eta ondoren etorriko ziren beren aurkako salaketa eta hedabide eskuindarren irain eta informazio faltsuak, “ETArekin harremanak zituztela” publikatzeraino. Azkenean, Estrasburgok arrazoia eman die, eta argi geratu da Londresko eta Sevillako lurrak agian desberdinak direla; baina batez ere, bi hirietako polizien jokamoldeek zerikusirik ez dutela. Estrasburgok baieztatu du, ez dela deliturik esatean, Toranzo eta Diaz torturatu egin zituzten kateatuta zeudela. Espainiako epaitegi eta gobernuaren laguntzarekin egin ere.

Ekintzaileak torturatu izana salatu zuten Sevillan. (El Salto artxiboa)
Informazio gehiago:

Londres no es Sevilla dokumentala (gaztelaniaz)