Eusko Alderdi Jeltzaleko buruzagiak hitz goran aritzen dira Espainiako Gobernuarekin negoziazio uneak datozen bakoitzean eta Gernikako Estatutuan adosturiko eskumenen transferentziak aldarrikatzen sutsuenak dirudite momentu horietan. Hala ere, hainbeste hamarkada pasa diren arren estatutu horrek bete gabe jarraitzen du hogeitamar gaien inguruan. Eta badirudi haietako zenbait gai eskuratzea luzerako dela, Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia, adibidez, “ez da premiazkoa” bi gobernuentzat, ustezko bere “konplexutasunagatik”.
Joan den astean Bilbon bildu zen Transferentzien Komisio Mistoa, zazpi urteren ondoren. Egutegi bat osatzea baizik ez dute lortu eta hor ez da aurreikusten Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa lantzea ere. Ez omen dauka presarik, “horri uko egiten ez diogun arren”, Lakuako bozeramailearen arabera. Nola egingo diote uko, duela berrogei urte adostua eta sinatua baldin badago? Hori lotsa! Eta EAJko presidenteak aurreko egunean ozen zioen 30 eskumenak transferitu behar zirela... Baina orain bi gobernuak bat datoz esatean ez dela urgentea. Galde diezaietela pentsionistei.
Egoera lotsagarri eta eskandaluzko honek baditu bere arduradunak, ez soilik Espainiako Gobernuaren partetik. Estatutua ez betetzearen erantzule nagusiak hura adostu eta sinatu zuten gobernuak dira, espainiarra eta Euskal Autonomia Erkidegokoa, eta azken hau sostengatzen duen alderdia ere bai. Batzuk erantzule dira akordaturiko eskumenak ez transferitzeagatik, eta besteak behar adina ez presionatzeagatik duela urte askotatik zintzilik dagoen gai garrantzitsu honen inguruan. Gizarte Segurantza ez transferitzea, Gernikako Estatutua haustea da.