Aldaketaren aroa hastearekin batera berpizten hasi zen okupazioaren mugimendua Iruñean, UPNkoen azken urteetan ia hilik egon ondoren. Kontua da hiru urteotan inoiz ez bezalako bideak zabaldu eta sos ederrak gastatu dituela Iruñeko Udalak udal jabetzapeko tokiak gazteei nahiz gizarte taldeei uzteko (Mendillorrin, Txantrean). Iruñeko Alde Zaharrean bertan ere, ia hiru urteko prozesu ireki eta luzearen ondoren, Plazara ekimena gauzatu da, karrika Nagusiko Cruzat jauregi handia moldatzeko eta prozesuan aritutako taldeei uzteko. Iruñeko okupazioa egin duen jendeak, ordea, ez zuen prozesuan parte hartu nahi izan. Lehen okupazioa, dena den, aldaketarekin batera gertatu zen, ez kasualitatez Nafarroako Gobernuaren jabetzapeko eraikin batean. Egun haietan, EH Bilduk bazekien gazte talde horiek zerbait okupatu nahi zutela, eta Iruñeko alkatetzak udaltzainak igorri zituen udal jabetzapeko eraikin hutsak zaintzeko. Okupen asmoak ikusirik, Udalak berak bertze bide bat urratu zuen jende horri tokia uzteko, gazteen aisia udal eskumena baita, eta eraikin bat laga zien Alde Zaharraren ondoan. Gazte horiek, ordea, zenbait obra baimenik gabe egin, eta bide hori zapuztu zen. Bitartean, bertze gazte talde batek Sarasate pasealekuko eraikin pribatu bat okupatu zuen. Iruñeko udaltzainek okupak aterarazi zituzten, guardiako epaileak agindurik, eta istiluak eta zaurituak izan ziren, baita atxilotuak ere. Udaltzaingoa EH Bilduren eskuetan zegoen. Ondotik, Nabarreriako eraikin hutsaren okupazioa gertatu zen, UPNren agindupeko Nafarroako Gobernuak (denon diruarekin) aspaldian 1.700.000 eurotan erosia. Aipatu behar da, segurtasun arloko txosten batean oinarriturik, Iruñeko alkateak, zer gerta ere, ebazpen bat eman zuela joan den maiatzean gaztetxeko ekitaldiak debekatzeko; udaltzainei, gainera, agindua eman zien eraikin okupatu horretako ekitaldi oro eragozteko. Aginduak indarrean dirau, baina bistan denez, ez da betetzen. Nafarroako Gobernuak, ordea, Barne kontseilariak proposaturik, auzibidea aukeratu eta, azkenean, epaileak agindurik, foruzainak bidali zituen. Orain, eskuindarrak arras kontent, itxaropen oro galdua baitzuten heldu den urteko hauteskundeetarako, eta gaztetxeari sekulako etekina atera nahi diote. Beraz, aldaketaren aldeko indarrek gogotik egin beharko dute lana elkarren arteko konfiantza berreskuratzeko eta gaztetxearen aferari aterabide bat aurkitzeko. Zaila da, ordea, aldaketaren barneko indarren bat bera ere gaztetxea erabiltzen ari baita Nafarroako Gobernua higatzeko. Gauzak horrela, gaztetxe baten indarraz baliaturik, UPN itzuli, Maravillas hustu, eta okupazioaren mugimendua ia hilik geldituko da urte batzuetarako.