argia.eus
INPRIMATU
Txema Montero
Txema Montero: “ETA eredu negatibo bat izan da euskal herritarrentzat”
  • Txema Montero (Bilbo, 1954).HBko europarlamentari ohia, ETAko presoen abokatu lanetan aritutakoa, HBtik kanporatua, Sabino Arana Fundazioko kide urte luzez eta analista zorrotza, besteak beste. ARGIAk bidalitako bost galdera hauei erantzun die idatziz.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko maiatzaren 08a
Argazkilaria: Judit Fernández

ETA desagertu da jada. Zer izan da ETA?

Eredu negatibo bat euskal herritarrentzat. Bortxaren erabilerak, hasieran selektiboa eta estentsiboa ondoren, akats ikaragarri batera eraman zituen etakideak: helburu politikoak eta bitarteko militarrak parekatzera, independentzia eta borroka armatua bereizi ezin bihurtu zituen ETAk. Tamainako itsuskeria hori haren harrokeria armatuaren ondorioa izan da. Haren nagusitasun taxu horrek mespretxuzko aire bat azaldu du: eurak bakarrik, denetarako prest, patuak ukituta, goi-lekune batean paratuta, harmailaren goialdeak ematen duen ikuspegiaren jabe eginak. Haatik, euskaldunek euren proiektu eta metodo bortitzarekin bat egin zezaten zuen gaitasun ezak –biak batera onartezinak gure gizartearen gehiengoarentzat– ETA bere lekuan jarri zuen: behetik gora begira, ezin izan zuten gorago igo harmailetan, bidea tiroka irekitzen saiatu arren.   

Ezker abertzaleak autokritika egin beharra areago aipatuko da hemendik aurrera. Zer esan beharko luke?

ETAren amaierara arte ez dira gauza izan ohartzeko euskal gizarteak –gerraz nekatuta– erabakia zuela –modu barkaberaz– bide politikoaren alde egitea, ez zuela hiltzearekin bat gehiago egin nahi. Hauxe onartu beharko dute: gizakia ezin dela behartu ideologia batekin bat egitera, ezin gauzatuko profezietatik eta bidezidor antidemokratikoetatik aldendu behar dela, dena esplikatzen duten teoriagileez mesfidatzea komeni dela. Aldiz, munduari begirada umila eta zuhurraz begiratzen diotenak aintzat hartu behar direla.

Zer behar da orain, euskal presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen?

Auzitegietara jo behar da euren eskubideen arau-hausteak erreklamatzeko. Espetxetako eskumenen transferentzia lortu behar da, EAEko eta Nafarroako Justizia Auzitegietako espetxe zaintzako juzkatuak eskumenekoak izan daitezen, eta terrorismoz zigortutako presoen epai betearazleak bermatzeko, iraganean izan zen bezala. Instituzioen, alderdien eta iritzi publikoaren aurrean ekin behar da, presoak euren familien etxeetatik hurbilen dauden espetxetara ekartzeko. Presoei ezarritako zigorren desberdintasuna behin eta berriz gogoratu behar dugu.

Nola ikusi duzu bake prozesua 2011tik gaur arte?

Abiapuntura eraman gaituen bide luze eta bihurria: ETAren alde bakarreko erabakia berez, beretzat eta beren-beregi egin zen. Pentsatu nuen, ETAk aitortutako borroka armatuaren amaiera erakundearen beraren amaiera zela, kito. Bakea ETAren absentzia zela, ETA ez egotea, adjektibo gehiagorik gabe, hau da, bukaerako azken eszenifikazioa ez zela intereseko kontua.   

Zure iritziz, zein dira prozesuan aurreratzeko eta berau amaitzeko eman beharreko hurrengo urratsak? Nola jokatu beharko lukete prozesuko eragile nagusiek, hau da, Ezker abertzaleak, Estatuak eta EAJk?

ETAri egozten zaizkion hainbat hilketa eta desagerpen erakundeak berak argitzen ez dituen bitartean, nik ez dut prozesua amaitutzat jotzen. Izan ere, horiek argitu ezean biktimen senideek ez dute beren dolua bukatuko sekula. Gauza bera Estatuari dagokionez: ez du GAL aitortu, haren ardura eta zeregina berea delarik, hainbat pertsona desagertuen ardura berea izanda. Gainerakoan, zuk deitzen dituzun eragile nagusiei politika egin dezaten eskatzen diet begi-bistako egia bat kontuan hartzeko: etorkizuneko irizpideek gure belaunaldia ere epaituko dute egunen batean.