argia.eus
INPRIMATU
Oporretako ameskeria
  • Uda honetan jazotako hainbat gertaerek aditzera eman dezakete kasik mundu guztiak izan ditzakeela oporrak eta egin dezakeela turismoa.

Juan Mari Arregi 2017ko abuztuaren 31

Eredu turistiko honen kontrako kanpainek, jendez lepo dauden aireportu eta geltokietako irudiek, hirien traza hartu duten hondartzek… hori pentsatzera garamatzate. Eta gainera, gisa horretan beste mezu bat ere zabaldu da: krisi ekonomikoa gainditzen ari garela. Baina errealitatea egoskorra da, eta datu estatistiko ofizialek gezurtatu egiten dute.

Egia da milioika lagun mugitzen direla eta gozatzen dutela oporraldiez turismoa egiten. Bai, baina biztanleriaren zati txiki bat baino ez dira, eta ia beti pertsona berak dira udako, Gabonetako edo Aste Santuko atsedenaldiak izan ditzaketenak. Askoz gehiago dira langabezia, pobrezia, gosea eta bazterkeria soziala sufritzen dutenak. Agintean dagoen sistema kapitalistak sorturiko desoreken ondorioa da. Europar Batasuneko hiru herritarretik batek, %32,9ak, ez zuen aukerarik izan 2016an astebeteko oporraldia ere hartzeko, are gutxiago bera bizi den tokitik kanpo, Eurostat estatistikarako bulego komunitarioaren arabera. Espainiako Estatuaren kasuan %40,3ak eta Frantziakoarenean %23,4ak. Populazio horren artean miseriazko nominak dituzten pentsionistak, emakume langabetuak, gurasoen etxean bizi diren bikotekideak, langile prekarioak eta immigranteak daude.

Zenbaki handietako ekonomia, enpresa handi eta multinazionalena hobetzen ari ei da, Burtsaren mundu birtualaren gisan. Enplegu prekarioaren eta izoztutako pentsioen bizkar, haatik. Azken batean, egungo sistema kapitalistak sortu duen desoreka estrukturalaren beste ondorio bat da hau. Oporraldi eta turismoaren kontua ameskeria baino ez da. Krisiak jarraitzen du betikoak zigortzen.