argia.eus
INPRIMATU
Diskoa
Elkarrekin aritzeko nahiak egiten du edozer egingarri
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2016ko irailaren 01

90eko hamarkada urrun ikusten da gaur egunetik; eta urrun ikusten da, baita ere, musika estiloak hatzamar gutxirekin zenbatu zitezkeen garaiak. Hala, garai hartan bat-batean ezaguna egin zen hardcore melodikoa delako estiloa, askok ezinezkotzat zutena (melodikoa izan daiteke hardcorea?). Bada, horien artean oso ezagunak egin ziren Kaliforniako olatutik zetozten Green Day, NOFX, Offspring eta, zergatik ez, baita Bad Religion ere.

Hemen, baina, aitzindaria Ezin Izan taldea izan zen eta haien kontzeptua, lehen aipatutakoekin alderatuta, aski desberdina. Pop-ari edo melodia oso borobilei abiadura eta distira eman beharrean, ordura arte gustuko zituzten hardcore-punk erritmo eta melodia estuagoak ahotsak lagunduta goxatu egin zituzten, eta punk zein hardcoreak –oinarrian– izan dituzten hitzei, problematikei eta egiteko moduei –zuk zeuk egizu– eutsi zioten irmo, umiltasunez eta koherentziaz.

Esan bezala, laukotea 90eko hamarkada hasieran jaio zen Donostialdean, orduko Buenawixta etxe okupatu eta mirarien fabrika hartan, eta 1992an maketa kaleratu zuten –kasetean–. Gaztetxe eta etxe okupatuetan emanaldiak egiten aritu ostean, 1995ean No poder ser single dotorea argitaratu zuten Espainiako Estatu osoan zabaldu zena. Taldearen helburua mezuak helarazi eta disfrutatzea izan da beti eta bimilurteko hasieran taldea besterik gabe desegin zen. Horren aurretik, baina, taldearen kantutegia jasotzen duen Nora goaz? disko luzea argitaratu zuten Trintxerpeko Cooperación Records-en bitartez.

Etorri ziren bezala, zaratarik atera gabe, beraiek beti izan diren bezala, desagertu zen taldea. Eta kausa puntualetarako inoiz elkartu baziren ere, ez zen bestelakorik. Baina iaz hiru partaidek (Pablo, Sani eta Jabi Dk) bat egin, berriro elkarrekin aritzeko gogoa piztu eta Lander baxu jotzaile berria batu zuten. Jarraitzeko asmotan daude eta entsegu lokalean zazpi kantu grabatu dituzte, Jomes Hamiltonek (Bap!, Anari, La Jodedera...) nahastu eta masterizatu dituenak. Erdibidean autoekoiztutako CDa da, umila eta  apaingarririk gabea. Diskoari izena ematen dion Erdibidean piezak Europa iparraldeko punkera eraman nau; Nora goaz? eta Ibiltari ezagunek taldearen marka dute: hardcore-punkaren kadentzia eta Jabi gainetik leun abestu-errezitatzen. Zorabioa, Agur, aurrerapide eta Sarraskia, baina, erritmo aldaketek, ahots erregistro zabalagoek eta ñabardurek jantzi dituzte. Eta lana ixteko ezaguna dugun Polvo gaztelaniaz abestutakoak, hardcore-punketik aldendu gabe askoz kutsu misteriotsuagoa batzen du, akaso Bap!-en azken garaian egin zuenaren tankeran, eta akaso zirkulua itxi ez dadin.

Erdibidean
EZIN IZAN
Autoekoizpena, 2016