argia.eus
INPRIMATU
Heriotza kale gorrian
Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 28a
Gertaturikoa salatzeko, kontzentrazioa egin zuten, “Kapitalismoak hiltzen gaitu” lelopean. Irudian, deialdiaren kartela.
Gertaturikoa salatzeko, kontzentrazioa egin zuten, “Kapitalismoak hiltzen gaitu” lelopean. Irudian, deialdiaren kartela.

Kutxazainean lo zegoela, emakume etxegabe bat hil zen Donostian, San Sebastian Egunean. Gertaerak agerian utzi du berriro ere kalean bizi diren pertsonen errealitate gordina. Aterperik ez, eta askok gaua banku, eraikin abandonatu eta bestelako zokoetan igarotzea beste erremediorik ez dute izaten.

Euskal Herrian 3.000 etxegabetik gora daude, eta horietatik gehienek gauak aterpetxeetan pasatzen dituzten arren, beste askok kale gorrian egiten du lo. 2014ko urriaren 14tik 15erako gauean egindako zenbaketa batean 323 etxegabe topatu zituzten kalean lotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Neurketa berean 1.513 etxegabe topatu zituzten EAEko aterpetxeetan. Nafarroan kalkulatzen da aterpetxeetan orotara 200-300 etxegabe inguruk egiten dutela lo. Ipar Euskal Herrian, 2014an Atherba elkarteak 2.400 laguntza eskaera jaso zituen, horietatik gehienak urgentziazkoak.

Goiarentzat, zaila da “norberaren borondatea baldintzatzea”

Eneko Goia Donostiako alkateak Euskadi Irratian azpimarratu zuen hildakoak uko egiten ziela gizarte zerbitzuei: “Norberaren borondatea zein izaten den oso zaila da baldintzatzea. Ez da gauza berria gainera, urteetan zehar izandako harremana da, eta zitetara ez azaldu eta bueno… Seguruenik, eta zuhurtziaz esan beharreko gauza da, badira beste faktore batzuk kalean egotearenak ez direnak agian, eta agian faktore horiek dira kalean egotea eragin zutenak, horrelako egoera bat gertatzea eraman dutenak”.