argia.eus
INPRIMATU
Euskara tituluen egokitasuna aztertuko dute
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2015eko urriaren 28a

Gutxitan bezala, Eusko Legebiltzarrean, euskarari lotutako gai batean, adostasuna lortu dute bost alderdi politikok. Euskara tituluak, tartean egiaztagiri ezagunena den EGA, aztertuko dituzte probaren maila, edukiak eta emaitzak ebaluatzeko. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostu zuten testua, eta PPk eta UPDk baiezkoa eman bozketan.

Ezin esan alderdien adostasunerako zioak berdinak izan direnik. Anjel Lertxundik urriaren 24ko Berrian jolas polita jarri zien irakurleei: “Talde politiko guztiak etorri dira bat norabidea aldatu behar horretan, baina lupatxo batez begiratuko bagenitu alderdi bakoitzaren motiboak, elkarren arteko talkak eta desberdintasun esanguratsuak topatuko genituzke. Joko polit bat proposatu nahi dizuet asteburu euritsurako. Adi, eta zorte on: zein alderdik erlatibizatu zuen tituluaren garrantzia; zein alderdik aipatu zuen bi hizkuntzen arteko asimetria; zeinek esan zuen ez direla EGAren maila jaisteaz ari, orientazio filologikoaren pisua murrizteaz baizik; zein alderdik lehenetsi zuen porrot mailaren handia; zeinek proposatu zuen EGA eskatzea “behar denean soilik’”. 

Eusko Legebiltzarrak jarri dizkio etxeko lanak Eusko Jaurlaritzari. Lau hilabeteko epean probaren egoera ikertu beharko du eta hobekuntzak proposatu beharko ditu, errealitate soziolinguistikoari eta bete behar dituen funtzioei erantzun ahal izateko.