Solaskide atsegina da Sigurjón Birgir Sigurdsson, Sjón izenez ezagunagoa den idazle islandiarra. Pasazaite argitaletxeak euskaraz publikatu berri dion Argoren ezpala nobelaren aitzakian hitz egin dugu berarekin Donostian, San Telmo museoan hitzaldi bat eskaini aurretik. Argitaletxeko editore Xabi Queiruga eta liburua itzuli duen Juan Mari Mendizabal ere elkarrizketan lagun izan ditugu.
Hizkuntza askotara itzuli dituzte zure liburuak. Islandiera erabiltzen duen idazle batentzat, berezia al da zure lan bat euskaraz ikustea?
Beti da abentura bat zure libururen bat beste hizkuntza batera itzultzea. Baina noski, plazer berezia ematen du islandiera bezala gutxik hitz egiten duten hizkuntza denean. Islandian inoiz ez dugu “hizkuntza handiez” eta “hizkuntza txikiez” hitz egiten, gutxik edo askok hitz egiten dituztenei buruz baizik. Hizkuntza bat ez da inoiz txikia. Adibidez, Shakespeare islandierara itzuli baldin badezakegu, islandiera Shakespeare sartzeko bezain handia da; Dante euskarara itzuli baldin badezakezu, euskara bada italiera bere baitan hartzeko adinakoa. Hizkuntza handiek edozein lekutatik itzultzen dute; jende gutxiagok hitz egiten ditugun hizkuntzetakook liburuak partekatzea erronka berezia da.
Egin duzun ibilbideari buruz irakurtzen, beti aipatzen da zure hastapenak abangoardiei lotuta egon direla. Argoren ezpala honek urrun dirudi aukera horietatik, klasiko greziarren berrirakurketak ardazten baitu. Tarteko garapena zein izan den azalduko zeniguke?
1970eko hamarkadaren amaieran poesia idazten hasi nintzen eta Medusa talde surrealistan parte hartzen nuen. Tradizioarekin hausten genuen, modu berriak bilatzen genituen islandiera erabiltzeko, aukera berrien bila genbiltzan gure poesiarentzat. Baina egin kontu taldearen izena zein den: Medusa, noski, Greziako mitologiatik hartua da. Pegasoren ama da, Medusaren burua moztu zutenean askatu zen Pegaso. Hortaz, hasieratik jabetzen nintzen mito greziarren posibilitateez. Gainera, surrealismoak hasieratik eduki zuen elkarrizketa moduko bat Greziako mitologiarekin –mugimendu surrealistaren aldizkari garrantzitsuenetako baten izena Minotaure zen–.
Dena den, egia da bi joeren arteko harremana ez dela hain begi-bistakoa. Agian nobela honetan oso erraz elkartzen ditut buruan arraina besterik ez daukan zaharruno aspergarria, Valdimar Haraldsson, eta ia 5.000 urteko adina daukan pilotua. Elkarrekin jartzen ditut eta istorio-kontalarien lehia moduko batean hasten dira. Hori surrealismotik datorrela iruditzen zait.
Nola deskriba daiteke Valdimar Haraldsson protagonistaren esperientzia nobela honetan? Bidaia iniziatikotzat joko zenuke egiten duena?
Valdimar erabat obsesionatuta dago arrainaren kontsumoan oinarritzen diren bere teoria arrazialekin. Erabat trabatuta dago mundu horretan. Gizon zaharra da eta behar duen gauza bakarra entzungo dion norbait da. Noski, ezagutzen duen edonork aspaldi egin dio uko entzuteari, beraz barku-bidaia proposatzen zaionean etengabe arrainari buruz hitz egiteko aukera gisa ulertzen du. Gero deskubrituko du jende gehienak itsasora joatean deskubritzen duena: marinelek ez dute gogoko arraina jatea, haragia nahi dute, azken finean arraina ez da janaria eurentzat, lana da. Horretaz jabetzea dezepzio handia da Valdimarrentzat, eta kontu horrekin obsesionatuta dagoenez, ez du bi aldiz pentsatzen afaltzera berarekin esertzen den gizon horrek 5.000 urte dauzkala eta Jasonek Argonautekin egin zuen bidaian parte hartu zuela.
Istorioa zein garaitan kokatzen den kontuan izanda, gerraosteko nobelatzat ere jo dezakegu Argoren ezpala?
Bai, izan ere, Valdimarrenak bezalako ideiek eragin zuten XX. mendeko tragediarik handienetako bat: Holokaustoa eta Alemania naziaren joera arrazial guztiak. Eta bera, hala ere, ideia horiei buruz hizketan ari da ezer gertatu ez balitz bezala. Ez dakit liburuko epilogoan kontatzen dudan: pertsonaia hori nire birraitonarengan oinarritzen da [ezetz dio Xabi Queiruga editoreak]. Berak Islandiako egunkari batean bi zatiko artikulu luze bat idatzi zuen, Arraina eta kultura tituluarekin. Ideia horietako asko berarengandik hartu nituen: bitakora kaiera bat idatzi zuen bere bidaietako batean –ia nobelan kontatzen dudana bezalakoa, baina Mediterraneoan–. Irakurri nuen lehen aldian ezin nuen sinetsi: zein erraza zen berarentzat gauza horiek esatea gerrako esperientzia bizi ondoren ere.
“Herri literaturako istorioek gure gizarteen zati esentzialez hitz egiten dute”, adierazi zenuen duela lau bat urte The Guardian egunkarian. Zalantza: ez al du maiz herri literaturak gehitxo sinplifikatzen giza-esperientziaren berezko konplexutasuna?
Ez dakit, iruditzen zait herri literatura zela askotan jendeak zeukan modu bakarra gauza zail eta konplikatuez hitz egiteko. Bizitzari buruz hitz egiteko modu oso inportantetzat daukat: harreman sexual zailak, indarkeria, jendeak jasandako tratu txarrak… Diruditena baino konplikatuagoak dira herri literaturako istorioak. Ikusten diedan problema bakarra da, zenbat aldiz erabiltzen diren helburu nazionalistekin. Ze, xede horrekin erabiltzen diren aldiro, noski, oso era sinplifikatuan baliatzen dira istorioak, mundua txikiago bihurtzen dute.
Hegemonikoak ez diren hizkuntzek zineman dauzkaten aukerez hitz egitera etorri zara Donostiara. Islandiar kulturak munduan daukan proiekzioa ikusirik, aholkuren bat ba al duzu euskaldunontzat?
Islandiako kulturan eredugarriena, nire ustez, hizkuntzari lotu izana da. Gure hizkuntzan idazten dugu eta gure hizkuntzan ari gara istorioak kontatzen zineman eta literaturan. Istorio-kontatzean sinesten dugu, gizakiak istorioak partekatzeko daukan premian. Beti egon gara prest urruneko istorioak entzuteko ere, horrek ahalbidetu du gure gizartea haztea, gauzak ikasi ditugulako, handik eta hemendik hartu dugulako… Komunikatzeko ateak zabalik eduki ditugu eta istorioak gure irla txikira etorri diren era berean, oso seguru sentitu gara gure buruaz gure istorioak kanpora eraman ditugunean. Beraz, ikasgaia da zure istorioak interesgarriak direla; eta are interesgarriagoak zure hizkuntzan kontatzen baldin badituzu.
Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.
Aste honetan aurkeztu da Joseph Brodskyk idatzitako Ur marka. Veneziari buruzko saiakera. Rikardo Arregi Diaz de Herediak itzuli eta Katakrak argitaletxeak publikatu du poeta errusiar atzerriratuari euskarara itzuli zaion lehen liburua.
"Va haver-hi dones, allí estaven, jo les vaig conèixer, però les seves famílies els tancaven en els manicomis, els posaven electroshock. En la dècada dels 50, si vostè era home, podia ser rebel, però si era dona la seva família li tancava. Va haver-hi alguns casos, i jo... [+]
Gauza garrantzitsua gertatu da astelehen honetan literatura euskaraz irakurtzea atsegin dutenentzat: W. G. Sebalden Austerlitz argitaratu du Igela argitaletxeak. Idoia Santamariak egindako itzulpenari esker, idazle alemaniarraren obrarik ezagunena nobedadeen artean aurkituko du... [+]
Asteazken honetan aurkeztuko dituzte Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako hiru lan berriak, tartean Maryse Condéren Bihotza negar eta irri (ene haurtzaroko istorio egiazkoak). Joxe Mari Berasategik euskaratua, idazle guadalupearraren obra... [+]
Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]