argia.eus
INPRIMATU
Kontuz helduen amorrazioarekin
  • Rat-Zinger

    Rock-and-roll para hijos de perra

    Maldito records, 2015

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2015eko uztailaren 21
Iraganean, heavy peto-petoa zen lagun bat askotan haserretzen zitzaidan esaten niolako Motörhead taldea ez zela heavya, askoz harago zihoala. Testuinguruan jartzeko, kontuan hartu behar da gu gaztetxoak ginenean uztartu ezin ziren bi aukera unibertsal bakar zeudela: heavya edo punka izatea, nahiz eta gerora zenbaitzuk aitortu izan duten halako edo bestelako iragan ezkutua izan zutela. Bi bide erabat desberdin ziren, kontrakoak, Metallicaren Kill’em all hura agertu eta batzuek argia ikusi zuten arte. Baina hori beste historia bat da.
 
Antzinako kontuak dira bi bando existitzen zirenekoak, eta Motörhead-eko arima den Lemy Kilmisterrek betidanik egin du paso halakoez, bere inguruan rock sinesgarria, erraietakoa eta gogorra maite duten guztiak batuz. Gauza bera egin dute emaitzak ikusita, jakina, haren jarraitzaile sutsu diren Rat-Zinger taldekoek. Aurretik proiektu oldarkor askotan trebatutako lagunek taldea sortu zuten Benedikto XVI akabatu eta horren ordez Lemy jartzeko. Baina, antza, aita santu alemaniarrak bolbora usaina urrunetik sumatu eta erretiroa hartzea erabaki zuen. Orain Nerbioi alderik alde nork zabalduko ote duen zain daude.
 
Crónicas de la destrucción estreinako lana bolbora hutsa da eta aukeratutako arma punk amorratua; hurrenak, Cartas al Vaticanok, tarteka kutsu hardcore-metaleroa du; eta azken honek handik eta hemendik edaten du: metaletik, ertz oso zorrotzeko rocketik, punkaren gordintasunetik eta kaleko rockaren egiazkotik.
 
Hain zuzen ere, “sinesgarria” da Rat-Zinger entzuterakoan etortzen zaidan lehen adiera. Sinesgarria eta baita jugularrera doana ere, ez daukalako erdibiderik eta gibela ere bertan uzten duelako. Gauza askori egiten diete deiadar eta batzuen ustez topikoa izan badaiteke ere, barru-barrutik ateratzen zaiela ezin da ukatu. Zer esanik ez, gaur egungo garaietako neurriz gabeko manipulazio eta gehiegikerien erreflexu argia dira haien kantak, nahiz eta ikusitakoa ikusita taldea ia salbuespena den bertako musika panoraman; gutxi dira halako talde amorratuak.
 
Izenetik bertatik abiatuta, elizaren boterea beraien obsesio nagusienetakoa da, eta horri Lemyren (berriro!) White line fever liburuaren estetika batuta, kantu hauek Biblia oso berezi batean batu dituzte, eta hitzei santu deritzoten liburu horretako zenbait aipu gaineratu dizkiete. 
Barruko mamiari dagokionez, izenburuak argi eta garbi uzten ditu asmoak: Rock-and-roll para hijos de perra (Putakumeendako rock-and-rolla). Metalarekin ia limurtu nahian aritzen dira, batez ere kantuen oinarrian, eta gai dira musika industrialetik ere edateko; baina lan honetan gehiago dute rocketik, indartsutik, gitarrerotik edo, zergatik ez?, “kaletar” edo “urbano” delako horretatik. Eta gai dira tempo erdiak zein punk-hardcoreko abiadurak uztartzeko.
 
Bai, helduagoak dira emaitzan eta kantuak borobiltzerakoan, baina baita tiro egiterakoan ere. Kontuz!