1946ko uztailean bonba atomikoen probak egiten hasi ziren Bikini atoloian, Marshall Uharteetan. Urte berean, Louis Réard auto ingeniari eta moda diseinatzaile frantziarrak sabela agerian uzten zuen bi piezako bainujantzi ausarta diseinatu zuen emakumeentzat. Dirudienez, sortzaileak arazoak izan zituen modelo bat aurkitzeko, bikinia moralgabetzat jo baitzuten. Horregatik Parisko Casinoko dantzari Micheline Bernardinirengana (argazkian) jo behar izan zuen eta hura izan zen Melitor Hoteleko igerilekuko desfilean bikinia soinean eramaten lehena. Bainujantziaren izena ere Bernardiniri berari egozten diote; dirudienez dantzariak “Bikiniko bonba baino lehergarriagoa” izango zela esan zion Réardi.