Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF), munduko kapitalismoaren sinboloak, berriz ere egin du langileen eta herritarren kontra. Gainera, herrialde bakoitzak bere erabakiak hartzeko duen subiranotasuna zanpatu du. Joan den astean –Espainiako Bankuaren oniritziarekin– eskatu zuen Espainiako Estatuan lan erreforma berri bat egiteko, dioenez, errekuperazioa indartzeko. Eta horretarako exijitu du kontratu mugagabeak dituzten langileen despidoak merkatu eta erraztea, despido kolektiboetan dauden oztopo legal eta administratiboak ezabatuz. Soldatetan eta lan ordutegian ere malgutasun gehiago eskatu du NMFk, produktibitatea handitzeko antza. Eta BEZaren igoera eskatu du, baita hezkuntzan eta osasungintzan berrordainketa aplikatzea ere.
Ezin ahaztu krisia hasi zenetik NMFk sustatutako erreforma antisozialetan barneratuta gaudela. Krisia ez zuten sortu herritarrek, finantzari kapitalistek baizik. Eta orain arte mantendutako austerizidio politikak ez du balio izan hazkunde ekonomikoa eta enplegu tasa handitzeko, kontrara, langabezia igo da, eta prekarietatea, bazterkeria, desberdintasun sozialak eta pobrezia handitu.
Beste behin ere, NMFk sarraskijale aurpegi salbaia erakutsi du, egoera ahulenean dauden langileen haragi eta odoletan gozatzen du. Bere kudeatzaileak soldata eta dieta milioidunekin aberasten dira, eta kapitalismoa den bezalakoa azaltzen zaigu orduan: basatia eta aseezina. Austeritate gehiago eskatzen diete langileei, lan gehiago eta diru gutxiago. Egoera horri denek batera egin behar diogu aurre: politikari, eragile sozial, sindikatu eta herri mugimendu antikapitalistek. Eragotzi behar dugu kapitalismoak beste erreforma basati bat egitea. Udaletan, diputazioetan eta erkidegoetan osatu diren gobernu berriek –batez ere ezkerreko indarrak dauden horietan– NMFren neurri antisozialen kontrako oposizio erradikal hori gidatu behar lukete.