“Eguzkiak urtzen du goian gailurretako elurra...”.
“1935ean, Baionan...” dira zure martxaren lehen notak.
Erronkarikoa nuen amatxi, euskalduna. Ezinbestekoa da erroen galdera musikarako, eta nik, betidanik ukan dut erakarmen menderakaitz bat musikarekiko. Harmonie Bayonnaise bandako zuzendaria nuen aitatxi, eta ohartzerako, Bordele eta Parisko kontserbatorioetara bidean jarri ninduen Baionako musika eskolako irakasleak. Lehiaketa internazionalak zein sariak alegia, deus ez jiten zitzaizkidan, eta aldi berean, dantzalditan, festetan nahiz klasikozaleen zirkulu itxietan jotzen nuen. 14-15 urte nituenetik naiz musikari profesionala. Ez dut inoiz arazorik izan Miarritzeko Kasinoan, Pigalleko lokal ilunetan edo musikaren tenpluetan jotzeko. Musika bizi nuen, dohainak nituen eta aurreiritzi gutxi. Hala, irratia entzunez deskubritu nuen jazza. Ahotsen tinbreek eta musikaren koloreak sorgindu ninduten. Jazza egiteko beltza izan behar dela dio legendak, Amerikako Estatu Batuetan ikasi behar dela mitoak. Ez bat ez bestea, autodidakta naiz ni.
Free jazz mugimendua Frantziara ekarri zuen autodidakta.
AEBetan sortu zen Free mugimenduaren muin politikoan arrazen arteko segregazioaren salaketa zegoen. Gaiak hunkitzen ninduelako, borroka anti-frankistek nigan oihartzuna zutelako eta Aljeriako gerran 30 hilabete pasa berria nintzelako, garai hartan arnasten zen askatasun premia ekarri nahi genuen jazzera. 1968a zen, eta gazte bati “zergatik parte hartzen duzu iraultzan?” galdeginez gero, “ez dudalako aita bezalakoa izan nahi!” emango zizun arrapostu. Bizitzan zein jazzean, egituretatik eta inposatutako markoetatik libratzeko beharra genuen, norma eta kodeez beste egitekoa, etiketak haustekoa. Ordura arte egin ez zena egin nahi genuen, errutinak puskatu, ongi ikusitako inertziaren gurpilak zulatu.
Askatasuna zen zulatu ezin zen bakarra?
Free Jazz diskoak eta Portal Unit taldeak erabateko inprobisazioari bidea eman eta askatasuna hauspotzea zuten xede. Ez genekien nora gindoazen, ez genekien zeren bila genbiltzan, baina ez zitzaigun axola. Gerora ikasi dut behin kausitutakoan jakiten duzula zeren xerka ari izan zaren, ez lehenago. Okupatuak egotea zen gure kezka bakarra, besterik gabe ekitea, egitea. Eztanda hori belarri txarrez jaso zuten jazzaren establishment-ak zein kritikaren zati handi batek. Edozer edonola egiten genuela, ongi jotzen ez genekielako inprobisatzen genuela... Ahal zutena eta gehiago larrutzen gintuzten. Guk ordea, entzuleak genituen aitzinean: deskubrimentuaren, esperimentazioaren eta bilaketaren gustua zuen jendea. Izan ere, musika ez zen oraindik kontsumo arrunterako produktu formateatua.
Labanaren ahoa da inprobisazioa?
Ez diot alferrik beti dela hastapena istorioaren ederrena. Elkar entzunez, erabateko askatasunean, arriskuak hartzen dituzunean, une bakan eta errepikaezinak sortzen dira, baina baita tentsioa eta liskarrak ere. Labanaren ahoan ikusten da bakoitzaren zinezko izaera. Berehala antzematen duzu nor den ahohandia, nor insolidarioa, nor txalo-merkezalea, nor fartsantea, nor jostaria, nor artista hutsa... Horri kritikaren erauntsia eta interes profesionalak gehitzen badizkiozu, fite egiten duzu miseria humanoarekin topo. Ezagutzen ditut Free mugimenduan parte hartu izana ukatu dutenak, bizi osoan malerus sentitzerainoko lotsa aitortu didatenak. Guk alta, ez geneukan ez ezer irabazteko, ez ezer galtzeko. Horrek salbatu gaitu.
Fartsanteak, jostariak, artista hutsak... Zer zineten zuek?
New Phonic Art taldean, jotzen genuenari buruz ez solastatzea zen gure lema. Ez aitzinetik, ez ondoren. Ez genekien nora gindoazen, baina bagindoazen. Inprobisatu eta kito. Alabaina, musika garaikidean inprobisatzea egurra sutara botatzea zen, konpositorearen botere absolutuari irri egitea. Inprobisazioa beti izango da arriskutsua inprobisazioan erabat murgilduta ez daudenentzat. Ikusi dut pantaila bezain karratuak diren konpositoreen gorrotoa euren piezaren erdian dibagatu dugularik. Era berean, ezagutu ditut inprobisatzen hasi eta beti frustratuta bukatzen zuten musikari bikainak. Inprobisatzean ezin duzu “tronpatu naiz” esan, ezin zara “astia izan banu ez nuen hori horrela joko” pentsatzen hasi. Inprobisatzeko zure burua ahantzi behar duzu, haizeari segi, eta haizeari segitzeko, ezinbestekoa da konpartitzeko grina, harremana.
Eta harremanak haizea direnean?
Zoritxarrez, errelebo bakar bat eman gabe beti gurpilean doazen txirrindulariak nola, asko eskatu eta gutxi ematen duten musikari gehiegi dago. Oso zaila da arrastoa uzteko dena emateko prest dagoen jendea topatzea. Arrakastaren formularekin altxorraren munta deskubritzen dutenean, batzuk bertan-goxo egoten dira errapeari azken esne tanta atera arte, eta beste batzuok ospa egin dugu bigarren tragorako. Parean 30.000 ikusle dauzkatela jakinaraztean “eta zer?” asaldatzen dira batzuk, beste batzuek “hori zenbat euro da?” galdetzen duten bitartean. Okerrena da liderrek euren menera ibiliko diren taldekideak nahi dituztela. Liderrak bere hegemonia kolokan sentitzen badu zu zapaltzen saiatuko da. Inprobisatzen hasten banaiz ez da inor izorratzeko, txitean pitean mundu ezezagun batera iristeko baizik. Absurduak iruditzen zaizkit lehia eta oilarkeria artistikoa, baina tamalez, traizioen mundua da musikarena.
Traizioa da inprobisazioa larritasunarekin eta estutasunetik ateratzeko trikimailuekin lotzea, jendarteak lotzen duen gisan?
Ezin liteke nonahi inprobisatu. Areto txiki eta bildu batean inprobisatzen badut inork ez dit esango ona edo txarra den. Jendeak badaki inprobisazioa hauskorra dela, kontzentrazioa eskatzen duela, ezusteetarako prestutasuna, denbora. 3.000 laguneko aretoan, aldiz, noraezean hasten bazara, bat sudurrean hazka hasiko da, bestea zer afaldu behar duen erabakitzen, eta baten batek zure kontzertura zetorrela zioen mezua Facebooketik ezabatuko du. Hor kondenatuta zaude lehen segundotik sendo eta artifizio guztiekin ekitera, jendeak zugandik espero duena lehenbailehen ematera espero ez duen lekuetara eramaten saiatzeko. Ondorioz, jaialdi handietan musika prestatu egiten dut. Badakit noiz ezin dudan hankarik sartu, noiz ezin naizen dianaren erdian jarri. Ez dakizunean parean zein publiko daukazun, politikoki non kokatzen den, zure zaleak diren ala sozialki posizionatzeko etorri diren, euren uzkia ala zure musika daukaten buruan... zer konpartitzen duzu? Zer zentzu du arriskuak, ez baduzu deus elkarbanatzen? Ikasi dut non egin dezakedan jolas eta non gainditu behar dudan azterketa.
Egungo panorama musikalean, azterketa anitz eta jolas gutxi ez ote dagoen...
Bukatu dira arteak sorkuntzarako eta esperimentaziorako baliabideak justifikatzen zituen sasoiak. Garai batean, fortuna balio zuten hiru kamioi mugitzen genituen kontzertuetara, soinu jakin baten bilaketan laguntzen zigun NASA-koa zirudien ingeniari tropa... Dirutza kostatzen zen, baina ekoizleei ez zitzaien hainbeste axola, arriskuak hartzeko prest zeuden. Gaur hori guztia mugitu eta aretoa betetzen ez baduzu, ekoizleak bere buruaz beste egiten du kontzertua bukatzerako. Hala, esperimentaziorako oso bide estu eta bazterrekoak baizik ez dira gelditzen, eta artistak balore ekonomiko bihurtu dira. Horregatik aldatu da hain gutxi sorkuntza 1970eko hamarkadatik hona. Horregatik maitatu behar dira artistak, zertan ari diren ulertzen saiatu, enpatizatu... Aurreiritzirik gabe. Esaterako, pro-amerikartasun izugarria dago jazzean. Ezagutzen duzu jazz musikari portugesik? Zergatik ez dago jazz musikari espainiarrik Frantzian jotzen duenik? Jaialdiak amerikarrez josita daude eta, nola esan, ez dira denak puntakoak. Globalizazioari kolonizazioaren antz handia hartzen diot.
Globalizazioari nortasun eta estilo propioz egiten zaio aurre?
Bai, baina berezia zarela pentsatzen duzun unean bihurtzen zara arrunta. Beti saiatu naiz pistak nahasten, ez nazatela deusekin identifikatu. Klasikoa jotzen nuen, Barbara-ri, Jacques Brel-i edo Léo Ferré-ri laguntzen nien, jazz kontzertuak eskaintzen, musika garaikidean esperimentatzen... Erabateko polibalentzian bizi izan naiz, eta etiketatu ezin nautenez ez naute beti ulertzen. Niregandik espero dena egiten ez dudanez, deserosoa naiz batzuentzat, traba besteentzat. Jose Arthur irrati-gizon zendu berriak ilaran sartu nahi ez zuen klarinetisten komantxea naizela zioen. Arazoa da orain mundu guztiak dakiela nor den Michel Portal, Michel Portalek ezik.
Hotzikara ematen du.
Etengabeko izuan bizi naiz, antsietate betierekoan. Panikoa diot jadanik egindakoa errepikatzeari, errutinari. Zailtasunean sortzen dut, nekezian. Ez naiz bizitzea gustatuko litzaidakeen eremuan bizi izan. Nekagarria zait klasikoa lantzen ari naizenean jazz bertsioa entzutea azpitik, eta jazzarekin nabilenean harmonia klasikoak agertzea zerumugara. Gauza bera Euskal Herriarekin. Inoiz itzuliko ez naizen herria utzi dut atzean. Baionako ostatuetako hizkera kantaria eta mutxiko saioetako atabala iltzatuta dauzkat kaskoan. Galtzeko beldur naiz, eta aldi berean, ezin ditut kanporatu. Nire buruarekin etengabeko kontraesanean bizi naiz, exilio modukoan, beti asegaitz, inoiz ez satisfos.
Horregatik ez zara inoiz eman dizkizuten sariak jasotzera joan?
Ezin dut alfonbra gorririk zapaldu. Ez diot ez logikarik ez plazerik ikusten. Lotsa izango da agian, harrotasuna beharbada, indiferentzia akaso, baina alfonbra gorri bat parez pare jartzen didatenero trabatu eta erortzeko arriskua sentitzen dut. Erortzeko arriskuak musikan kitzikatzen nau, inguruko parafernalia guztian ikaratu. Gainera, ez dit onik egiten irabazi dudala jakiteak, sariarekin agertzeak. Karrikan gelditzen nautenean ere izoztuta erantzuten dut, eta ez da gustatzen ez zaidalako, egoa baretzeko izango dudan lana irudikatze hutsak buruko mina sortzen didalako baizik. Badakit ez dela dotorea, jendetasun gehiago erakutsi beharko nukeela, baina nire beldur eta miseriak kudeatzen aski lan daukadanez, nire bidetik desbideratzen nauen orori egiten diot uko.
Zu bezalako “oholtzako piztia” batentzat desbideratzea, zinema eta telebistarako soinu bandak egitea dela entzungo zenuen han-hemenka.
Betidanik gustatu zait zinema, eta betidanik lotu ditut soinuak irudiekin. Mozanbiken, esaterako, bidaia koaderno bat egin nuen bertan ikusi eta entzundakoak harilkatuz. Hori hala, izugarri gozatzen nuen soinu bandak sortzen, erraz irteten zitzaizkidan, musikariekin lan egin beharrean makinekin jarduteko agindu eta gogogabetu nintzen arte. Oso sentibera naiz inguruan daukadanarekiko. Pentsamenduak, bizipenak, erreakzioak, sentimenduak, irudimena... interesatzen zaizkit, ez makinen perfekzioa. Ez daukat ez mugikorrik, ez ordenagailurik, ez internetik. Zergatik? Segur aski, ez dudalako besteak bezalakoa izan nahi. Ez dudalako autobus edo metroan mugikorrari lotuta doazenen artaldekoa izan nahi. Bagoian, euren trepetetatik zintzilik 40 lagun batera hizketan entzuten ditudanean, ez dut jakiten zer egin. Begira egoten natzaie baina ez dut jasaten. Ez dut ulertzen bat-batean gainera etorri zaigun aro hau. Ez dut ulertzen ordenagailua musika-tresnatzat hartzea. Are gehiago, teknologiak musikara tranpati asko ekarri duela iruditzen zait. Oholtzan poza eta musikari onak badauzkat eraldatzen denetakoa naiz, etxean bakarrik bat parean jotzen ez dutenetakoa. Ez naiz ordenagailu bat, baina zorionez, nire bizitzaren soinu banda nik idazteko zoria izan dut.
Michel Portal, Baionan sortua 1935ean. Jazz munduko klarinetista eta saxofonista ospetsua; puntako interprete klasikoa; J. Brel, Barbara edo Léo Ferré bezalako artisten primerako laguntzailea; filmen eta telesailen soinu banden egile oparoa... Musikari sailkaezin bezain polibalentea da Michel Portal. Inprobisazioa lematzat, ordura arteko guztia kolokan jartzera zetorren Free jazz mugimenduaren aitzindaria izan zen Frantzian zein Europan. 25 disko, 100 soinu bandatik gora eta inoiz jaso ez dituen hainbat sari ditu bizkarrean.
Guretzat zabaldu dute Parisko jazz areto ezaguna. Galdera-erantzunen artean anekdota musikatuak kontatu dizkigu Michelek, eta Erronkarin entzun zuen txiste baten berri eman ondoren, piano atzean eseri da argazki sesiorako. Ez omen zaio argazkietarako posatzea gustatzen, ez ei dago behar bezala orraztuta, eta goizean aurpegi txarrez altxa dela salatu omen dio ispiluak. Jotzen hasi eta denak ahaztu zaizkio, ordea. Edozeinek esango luke 80 urte betetzear dela.
Quan parlem de compositors francesos, pensem en Claude Debussy i en Ravel. Hi ha qui es diverteix, defensant l'un o l'altre com el millor compositor francès de tots els temps. Francament, dos genis han estat absoluts, a conseqüència de les circumstàncies del seu temps. Van ser... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Res hem de perdre” diuen els baztandarras. I així és. Sempre han fet música per a gaudir, jugant i jugant entre quatre músics que han anat creixent. Des que en 2008 van crear el grup,... [+]
Fa temps que vam conèixer a Aitor Bedia Hans, cantant del grup Añube. En aquella època ens reconciliem amb BEÑAT González, ex guitarrista del grup Añube. Va ser en l'època universitària, quan els dos joves de Debagoiena van venir a Bilbao a estudiar amb la música en les... [+]
Festival Kutixik
Senar: A la Casa de Cultura d'Intxaurrondo, a Sant Sebastià.
Quan: 26 d'octubre.
---------------------------------------------
Es tracta d'una iniciativa musical sorgida en Donostialdea i que té com a objectiu "enfrontar col·lectivament la indústria musical... [+]
Grups d'òpera Don Pasquale de
Donizetti: GOSI i Cor de l'Òpera de Bilbao.
Solistes: S. Orfila M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castell, P. m. Sánchez.
Director d'escena: Emiliano Suárez.
Escenografia: Alfons Flores.
Lloc: Palacio Euskalduna.
Data: 19 d'octubre.
... [+]