argia.eus
INPRIMATU
San Filippo
  • Doinua: Amaren bularra.
    * San Antontxu sariko irabazlea. Sorta osoa argia.eusen.

IƱigo Legorburu 2015eko martxoaren 04a

Alabak hiru urte
kunplitu berritan
medikurako gure
ohiko bisitan;
oraindik zegoela
Lur larru gorritan
esan zigun “hau ez da
gertatzen sarritan...”
“San Filippo” izena
botata birritan
hotzikara handi bat
gailendu zen tripan.
Nerbio ta beldurren
bitarteko kinkan
ezkutuko mundu bat
gelditu zen bistan.

Jada utzi diozu
hitz egiteari
nahizta komunikatzen
zaren guztiz garbi:
Zu pozik zaudenean
zabiltza jostari
haserretzean berriz,
betilun ta nagi.
Eguneroko martxan
arazo ugari
bizi ditugun arren;
zara gure sari.
Egunekoa biziz
gabiltza aspaldi
denbora irabaziz
etorkizunari.

Gizarteari jartzen
bagara begira
han guztiok berdinak
ez gara-ta, tira!
Sailkatuak zenbaki
batzuen neurrira
nornahi ez da iristen
besteen erdira.
Ospitaleak duen
zorraren harira
txanponen diktadura
gailentzen ari da.
Logika horrek badu
gurean segida
gaixo daudenak ere
sailkatzen baitira.