Andy Warholek zioenez, bakoitzak bere ospea eskuratuko du. Gehitu zuen laurdentxo batek bakarrik iraunen duela. Gaur egun ezagutzen dugun mundu mediatiko numerikoan edonor eror liteke Warholek profetizatu zuen tranpan. Facebook kontuak sortuz, milaka Tweetak igorriz, Whatsappa baliatuz, armiarma numerikoaren sarean eroriz, kalachnikovak hartuz, jende arrunta bahituz, edonork pentsa dezake talentuduna dela eta norbait bilaka litekeela. Fededun berrientzat errealitatearen iratzartzea espantagarria izanen da. Errealitatea eta mundu birtuala bereizten ez direnentzat lurreratzea depresibogarria izanen delako.
Eguneroko eztabaidetan, etxeetan, bulegoetan, plazetan, ostatuetan, Facebooken zenbat lagun dituzun eta zer-nolako sarea duzun kontuek mihi askoren gainean dantzatzen dituzte. Batzuk, orain arte, mediatiko numeriko zirimolaren ertzean gelditu ziren. Arrazoi anitz zituzten: etikoak, moralak, ideologikoak... Gaur egun, mediatiko numerikoa den diktadura garaikidea haien baitaraino heltzen ari zaie. Burua makurtuz eta euri tantak zintzilikatuz zituzten erabakitzeko eta kritikatzeko eskubideak dakitenei, dohainik oparitzen dizkie. Jakintzak, hitzak, hausnartzeko eta auto-introspekzioak egiteko gaitasunak, denak batera, itxurakeriaren menpe desagertzen ari dira.
Guretzat asmatu dituzten tranpetan ez erortzeko gaur egungo ikurrik iraultzaileenetakoa hariak deskonektatzearen imintzioan koka litezke. Ordenagailuak, mugikorrak eta tabletak itzaliz gero, XV. mendean japoniar olerkari batek idatzi zituen poesiengana joan gintezke. Ikkyū pentsamoldea ezagutuz gero, sare asozialek fagozitatu diguten transgresioen gaitasuna berreskura genezake. Itxurakeria hutsa den diktadurak orain arte bizi izan ditugun diktaduren itxura duela.
Zilbor eta jainkoen izenean hilketak izan dira eta izanen dira. Ospearen izenean itotzeak, buru mozteak. (In)kontzientzien borrokak amaigabeak dira. Etsaien dohaina aurpegi mozorrotzearen keinuan ezkutatzen da. Esplotazioa herentzietan enkarnatzen baita, atzoko ustiatzaileak gaurko eta biharkoak izanen direla.
In the name of god, erradikala den ideologia ospearen izenean, bi kalachnikov eskuen artean hartuz, internazionala den media-esferako ospea irabaz dezaket baina laurden batek iraunen duen ospearen truke zer galduko dut? Usu arrapostua ez da arrapostuan kokatzen, galdean baizik.