Karansebes (Errumania), 1788ko irailaren 17a. Arratsaldean Austriar Inperioko osteak hirira iristen hasi ziren, turkiarrei aurre egiteko asmoz, Errusia eta Turkiaren arteko gerran austriarrak lehenengoen aliatuak baitziren. Armada herrialde askotako 100.000 kide inguruk osatzen zuten. Serbiarrak, kroaziarrak, errumaniarrak, poloniarrak, hungariarrak... Inork gutxik ulertzen zuen ofizial austriarren hizkuntza, alemana.
Abangoardian husar talde bat bidali zuten lehenik, osteek kanpatuko zuten eremua ikuskatzera. Etsaien arrastorik ez eta pattarra saltzen zuen ijito familia bat besterik ez zuten aurkitu. Upel batzuk erostea erabaki zuten eta, infanteria errumaniarreko lehen soldaduak elkargunera iristerako, husarrak mozkor-mozkor eginda zeuden. Eta ez zuten asmorik geratzen zitzaien pattar apurra errumaniar egarriekin partekatzeko. Hitzez ezin ulertuta, mutur joka hasi ziren. Liskar betean, norbaitek airera tiro egin zuen. Une horretan ofizial austriarrak iritsi izana ez zen mesedegarri izan; “Halt! Halt!” (Geldi! Geldi!) oihuka hasi zirenean, soldaduei “Allah” esaten zutela iruditu zitzaien eta, turkiar musulmanak zirelakoan, nagusien kontra su egin zuten; haiek berdin erantzun zuten.
Hura zen panorama zalditeria iritsi zenean. Eta itxura guztien arabera etsaiak zirenen aurka eraso egitea erabaki zuten. Zaldizkoen erasoa ikusi zutenean, etengabe iristen ari ziren infanteriako osteek ere berdin pentsatu zuten: zalditeriako kideak turkiarrak zirela. Eta, jakina, haien kontra su egin zuten.
Hainbat orduz, austriar osteak talde txikietan sakabanatu ziren, ustezko etsaia alde guztietan, elkarri tiroka. Baina zenbat eta tiro gehiago, orduan eta indartsuago alegiazko turkiarrak. Eta azkenean ihes egitea beste erremediorik ez zuten izan.
Handik bi egunera otomandar osteak, benetakoak, Karansebesko zelaietara iritsi ziren eta 9.000 gorpurekin egin zuten topo.
Historialari askok zalantzan jartzen du Karansebesko gudua benetan hala gertatu zen. Batetik iturri askotan jasota dagoela eta iturriak koherenteak direla onartzen dute. Baina guduaren lehen aipamena handik 40 urtera egin zen austriar aldizkari batean, eta iturririk fidagarrienak, A. J. Gross-Hoffinger-ek, ia 60 urte geroago jaso zuen gertatutakoaren berri. Denbora tarte horiek, ezinbestean, distortsioa eragiten dute. Pattarrak ere bai.