1997. urtean eman zitzaion hasiera egun Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (Saretek) denari. Dozena bat multzotan banatutako ia 200 elkartek eta erakundek osatzen dute Saretek. Orain 17 urte erronka gisa hasi zenak euskal industrian errotzea lortu du, eta azken horrek garai honetan bizi dugun krisialdian indarrari eutsi badio, neurri batean Saretekeko partaideen ikerketa lanei esker izan da. Are gehiago, gaur egungo euskal ekonomia Sareteken ekarpenik gabe ulertzea oso zaila egiten zaigu.
Saretekek egindako bidea ia hutsetik hasi zenez, ia itsu-itsuan egindako apustua izan zen bai baliabide ekonomikoak jarri behar zituen administrazioarentzat, baita egitura horretan sartu ziren pertsona eta erakundeentzat ere. Sareteken ibilbidea aztertzea eta neurtzea beharrezkoa zen, eta horretan jardun du Eusko Jaurlaritzak azken boladan. Emaitza, 2020. urterako Sareteken helburuak eta funtzionatzeko erak eraberrituko dituen dekretu berri baten zirriborroa izan da.
Aipatu dekretuaren zirriborroa ikerketa zentroetako mahaien gainean dago, eta ezin uka urduritasuna eta kezka sortu dizkiela eragileei. 2020rako jarritako helburu estrategikoak eta antolakuntzazkoak (pertsonala, argitalpenak, patenteak…) nagusiki Europak planteatutako ildo orokorretan oinarritu direla dirudi, eta horrela, oraingoz Euskal Herriak dituen ezaugarri linguistiko eta kulturalen aipamenik ez da izango. Bestalde, bertako industrian %90etik gora enpresa txiki eta ertainak izanik, oso zaila izango zaio askori antolakuntzazko baldintzak betetzea.
Ni ere bat nator Saretekeko erakundeen egitura eguneratu beharrarekin, baita enpreseei egindako ikerketen transferentzia hobetu beharrarekin ere, baina hori herrialde bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuz egin behar da. Gauden prozesuaren amaieran hainbat erakunde jokoz kanpo geldituko dira eta berriak ere sortuko dira aldi berean, normaltzat jotzen dut. Baina 2020. urtean, Sareteken argazki korporatiboa egiten denean, Basque Country markaren benetako oinarria ikusi nahi dut, hemengo erroak, ez edozer gauza. Eta horretarako, mahai baten edo batzuen bueltan eztabaidatzea eta zenbait puntu adostea baino bide hobeagorik ez zait otutzen.
Urduritasun garaiak dira ikerketa eragile guztientzat, eta administraziokoek ere ezinegona bere sentituko dutela espero dut, ez dutela dena ziurtzat eta inposatu beharrekotzat joko.