argia.eus
INPRIMATU
Soleczniki eta Lituaniako gutxiengo poloniarra
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2014ko azaroaren 06a

Independentzia berriki lortu duten Ekialdeko Europako herrialdeek politika oso nazionalistak garatu dituzte. Mendebaldeko nazio-estatu zaharrek mendeetan uniforme bihurtzeko bidean emandako pausoak estatu berriek epe motzean eman nahi izaten dituzte era autoritarioan. Metodoa ezaguna dugu Mendebaldean, kontua da hemen demokraziarik gabeko edo dentsitate demokratiko baxuko testuinguru historikoetan egin zela. XXI. mendean aldiz, gutxiengoen defentsa eta demokrazia hegemoniko bilakatu dira diskurtso politiko demokratiko liberalean.

Gehienetan estatuen mugak ez dira naturalak, horregatik nazionalismo batzuek historiara jotzea atsegin dute lurralde aldarrikapenak justifikatzeko, batez ere horietan beraien sentimendu nazionala nagusi ez bada. Lituaniako eraikin publikoetan Lituaniako Dukerri Handiak inoiz izan zuen zabalera handienaren mapa topa daiteke nonahi. Lituaniarrei maiz entzungo diezue esaten Odesaraino iritsi zirela Lituaniako lurraldeak. Esplikatuko ez dutena da Dukerri hori eslaviarra zela: hizkuntza ofiziala errutera zen (teorien arabera bielorrusieraren, ukraineraren, errusieraren edo denen aitzindaria) eta hainbeste gorazarre egiten dioten Vytautas Handiak ez zekien lituanieraz.

Ahulduta zegoen lituanieraren egoera nabarmen kaskartu zen Dukerriak eta Poloniak konfederazioa osatu zutenean: bere herritarren parte batek errutera eta lituaniera utzi egin zituen polonieraren mesedetan. Ordutik, Vilniusen gehiengoak polonieraz hitz egiten zuen, nahiz eta ekialdeko eslaviar hizkuntzen presentzia ere garrantzitsua izan. XX. mende hasieran judutarrak lehenengo nazionalitatea ziren hirian, yiddisha erraz entzun eta irakur zitekeen. Lituanieraren kasuan kontrakoa zen, lituaniarrek hirian zuten presentzia 1897tik 1931 bitarteko errolden arabera %0,8 eta %2,6 artekoa zen eta Vilniuseko eskualdean ez zen %20ra iristen.

Lehen Mundu Gerran alemanek Vilniuseko eskualdea lituaniar estatu berria  izatearen aldeko apustu egin zuten, baina gerra galdu zutenez, poloniarrek hartu zuten armez. Bigarren Mundu Gerran etorri zen errebantxa. Lituaniar nazionalistak judutarren aurkako progromoetan protagonistetako bat bilakatu ziren, gutxi gorabehera %45eko populazio judutarra zuen Vilnius desagerrarazi zuten. Gerrak iraun zuen bitartean lituaniarrekin birpopulatzeari ekin zioten hiriburua eta sobietar garaian joera hori indartu zen. Halere, oraindik Vilniusen populazioaren %20 inguru lituaniar-poloniarra da (beste %20 bat ekialdeko eslaviar-lituaniarrak dira). Bestalde, hiriburua gehiengo poloniarreko herriek osatzen duten eraztun batez inguratua dago.

Soleczniki-n biztanleen %77 lituaniar-poloniarra da, baina Estatuak poloniera desagerrarazi nahi du bizitza publikotik. Esate baterako, dokumentu ofizialetan lituaniar-poloniarrek ezin dituzte izenak beraien hizkuntzan idatzi eta polonieraz edozein kartel idaztea debekatuta dago, baita negozio eta etxe pribatuetan ere. Halere, herritarrek beren kabuz dirua bildu zuten familia bakarreko etxe pribatuetan kaleen izen elebidunak jartzeko. Herritarrek isun astronomikoak jaso zituzten, eta beraiek ordaindu ezean udalak ordaindu beharko ditu. Zdzislav Palevič-ek, alkateak, tristeki azaldu zidan egunez egun ordaindu beharreko diru kopurua handitzen doala eta hori saihesteko aukera bakarra etxe pribatuetako kartelak kentzea dela. Lan zaila eta itsusia da udaltzaingorik ez duen udal batentzat jabego pribatua inbaditzea.