Viena, 1914ko azaroaren 14a. Hedwig Eva Maria Kiesler jaio zen familia judu batean. 16 urterekin ingeniaritza ikasten hasi zen, baina hiru urte geroago, 1933an, antzerki munduan sartu zen, Max Reinhardt zuzendariaren ikasle. 1937an egin zuen lehen filma: Gustav Machatý txekiarraren Ecstasy. Film komertzial batean emakume bat biluzik agertzen zen lehen aldia zen, eta gainera, beste eszena batean, aktore gazteak orgasmo bat antzeztu zuen lehen planoan.
Fritz Mandl armagintza magnateak filma ikusi eta aktorearekin ezkontzea erabaki zuen. Ezkontza gurasoekin hitzartu zuen, Kieslerren iritzia aintzat hartu gabe. Bera ere judu jatorrikoa izan arren, Mandlek armak saltzen zizkien Italiako faxistei eta Alemaniako naziei. Gainera Hitlerren eta, bereziki, Mussoliniren lagun pertsonala omen zen. Mandlen ondoan bizitakoak esklabotza urteak izan ziren. Senarra Ecstasy-ren kopia guztiak suntsitzen saiatu zen, aktore karrera uztera behartu zuen eta ez zion etxetik irteten uzten berarekin batera ez bazen. Keislerrek ingeniaritza ikasketei berriro heltzeko baliatu zuen itxialdia, eta senarraren bezero eta hornitzaileei adi-adi entzunda, asko ikasi zuen garaiko arma-teknologiari buruz.
1937an Parisera joan zen senarrarengandik ihesi, eta Londresera ondoren. Han Louis B. Mayer, Metro Goldwyn Mayer estudioetako burua ezagutu zuen. Bitxiak saldu eta Mayerren ontzi berean zeharkatu zuen atlantikoa. Lehorreratzerako, zazpi urteko kontratua zeukan, baita izen berria ere: Hedy Lamarr.
30 filmetan lan egin zuen guztira, King Vidorrekin, Cecil B. DeMillerekin, Jacques Torneurrekin... eta proiektu handiei ere uko egin zien; ziur Ingrid Bergmanek bihotzez eskertu ziola Casablanca (1942) eta Gaslight (1944) filmetako rol protagonistak errefusatu izana.
Kontua da Bigarren Mundu Gerraren urteak zirela eta, bere erlijioak eta senar ohiaren alboan ikusitakoek bultzatuta, aliatuen aldeko lanari ekin ziola. Casablanca estreinatu zen urte berean, Hedy Lamarrek komunikazio sistema sekretua diseinatu eta patentatu zuen George Antheil konpositorearen laguntzaz. Frekuentzien kommutazioan oinarritutako asmakizunari esker, torpedoak irrati bidez gidatu zitezkeen, etsaiek antzeman gabe.
Goizegi zen; asmakizuna ezingo zen aplikatu sistema elektronikoek sistema mekaniko zaharrak ordezkatu arte. Hala, lehen aldiz 1962an erabili zen Lamarren sistema, Kubako misilen krisialdian. Vietnamgo Gerran ere erabili zuten, baina 1980ko hamarkadatik aurrera eta ingeniaritza zibilaren alorrean atera zioten benetako zukua ideiari. Teknologia digitala hedatu ahala, frekuentzien kommutazioak Wifi datu komunikazioa ezartzea ahalbidetu zuen. Eta bluetooth estandarra. Eta GPS sistema...
Ikusmina dutenek jakin bezate Fritz Mandlek ez zuela lortu Ecstasy filmaren kopia guztiak ezereztea eta Hedy Lamarren biluztea eta orgasmoa interneten ikusteko aukera dagoela, besteak beste, berak 1942an asmatutako teknologiari esker.