Happy Birthday To You –guretzat Zorionak zuri– ingelesezko abestirik entzutetsuena da Guinness errekor liburuaren arabera, eta Warner/Chapell Music du jabe legala, 1990ean The Summy Company argitaldaria erosi eta haren ondarea bereganatuz geroztik. Urtean 2 milioi dolar jasotzen ditu royaltytan, baina zilegi ote? Norena da abestia?
Urtebetetzeetan kandelen argitan abestu ohi den doinua Patty Smith Hill eta Mildred Jane Hill ahizpek sortu zuten XX. mendearen hasieran. AEBetako Kentuckyn sortu ziren, 1868an eta 1859an hurrenez hurren. Irakasle eta hezitzailea zen lehena; piano-jotzaile, organista, konpositore eta afrikar jatorriko musikan aditua, bigarrena. Eskolak emateko baliagarri, 1889tik aurrera haurrentzako kanta ugari sortu zuten elkarrekin, horietarik gehienak Song Stories for the Kindergarten (1893) liburuan jasoak. Tartean zen Good Morning To All (Egun on denoi), alegia Happy Birthday to You sonatuaren sorburu edo ama, nolabait esanda. Hain ezaguna dugun doinuan, hala dio hitzak:
Good morning to you
Good morning to you
Good morning, dear children
Good Morning to All.
Urte gutxitan Good morning to All-en tokia hartu zuen Happy Birthday to You-k, ez jakin ordea, hitzen aldaketa zehazki nori zor zaion. Egun ona opa duen melodia eta urtebetetze ospakizunerako hitzak biltzen dituen bertsioa 1910 urtearen inguruan sortu zen gutxi gorabehera, eta Cable Companyk eman zuen estreinakoz argitara 1912an, The Beginers’ Book of Songs liburuan. Hortxe katramilaren abiapuntua, Hill ahizpak ez baitira inon ageri, ez abestia identifikatzeko izenburuan, ez sinaduran, ez jabetza-erregistroetan ere.
1930eko hamarkadaren erdialderako, ibilbide arrakastatsua egina zuen abesti eraldatuak. Western Union konpainiak, esaterako, lehen telegrama abestuan baliatu zuen, eta Broadway-ra ere heldu zen, The Band Wagon (1931) obra tarteko. Jakina, egilearekiko aitortzarik eta ordain ekonomikorik kontuan hartu gabe.
Hirugarren ahizpa batek, Jessica Hillek, auzi-eskea egin zuen epaitegian familiaren izenean. Epaileak atzera bota zuen ordea, eta demandak ez zuen aurrera egin.
Tartean, F. Summy Companyk erregistrora jo eta bere egin zituen Happy Birthday to You-ren eta antzeko hainbat bertsioren copyrightak, Jessica Hillen baimena eskuetan zuela. Aldaeretako batek, esaterako, nota bat gehiago du melodian, “Happy”-ren bi silabak erosoago esateko.
1942an Patty eta Jessica ahizpek, Hill Fundazioa sorturik, Summy Company demandatu zuten, esanez, Jessica Hillek ez zizkiola abestiaren eskubide osoak eman, argitalpenerako eskubide mugatuak baizik. Kasu honetan ere, demandak ez zuen aurrera egin.
Garaiko legeen arabera, copyrightak 28 urteko epea zuen, eta hura beste horrenbeste urterako berritzeko aukera ere bazenez, 56 urteren buruan, alegia 1991n egile eskubideetatik libre behar zuen doinuak. Alabaina, 1976ko egile eskubideen legeak 75 urtera luzatu zuen epea, eta 1998ko Copyrightaren Hedatze legeak beste 20 urte gehitu zizkion. Alegia, 2030era arte, AEBetan bederen, babestuta jarraituko du Happy Birthday to You-k, Warner Music Groupen esku erabat, eta lege-urratze bakoitzak 150.000 dolar edo 112.000 euro inguruko isuna galdatzeko eskubidea emango dio.
Azken urteotan auzitan da berriro abestiaren jabetzari dagokion guztia, Jennifer Nelson zinemagile amerikarra buru, demanda kolektiboa ezarri baitzaio Warnerri, New Yorkeko epaitegi federalean. Nelsonek abestiaren historiaren gaineko film dokumentala egin zuen 2013an, eta bertan, jende multzo bat Happy Birthday to You abesten ageri denez, 1500 dolar ordaindu behar izan zituen egile-eskubideetan. Gerora, Robert Brauneis unibertsitate irakasleak abestiaz egindako ikerketa oinarritzat hartuta, 1500 dolarrak eta 2009tik aurrera royaltytan jasotako dirutza atzera itzul dezan eskatzea deliberatu zuen.
Brauneis jaunaren aburuz, ezin da ziurtzat eman abestiaren hitzak Patty Smith Hillek idatzi zituenik, horren frogarik ez dagoelako inon. Bestalde, Happy Birthday to You-ren lehen argitalpenak ez zuen behar bezalako copyright eskaerarik izan, eta horren ondorioz egile eskubideak babesik gabe utzi zituzten. Halaber, 1935ean Happy Birthday to You erregistratu izana ere baliogabetu beharko litzatekeela dio Brauneisek, melodia bera ezin delako bi aldiz erregistroan pausatu, copyrightak orijinala behar duelako ezinbestean, eta kasu honetan, nota bakar bateko aldea du. Horrez gain, Hill ahizpak sortzaileak izan zirenik ere kolokan jarri izan du Brauneis jaunak. Haren ustez, abesti erlijioso afro-amerikar baten aldaera besterik ez zen Happy Birthday to You.
Demanda jarri dutenen arabera, Good Morning To All 1921etik egile eskubideetatik libre denez, bere melodiak ere halaxe behar du, eta beste horrenbeste Happy Birthday to You-k ere. Epaitegian horren aldeko hautua egiten badute, Warnerrek 2009tik aurrera irabazitako royaltyak galduko ditu. Alabaina, Good Morning To All bera ere abesti erlijioso zahar baten aldaera dela erabakiko balitz, Warnerrek milioika eta milioika dolar itzuli beharko ditu atzera. Azaroan emango dute epaia.
Copenhaguen, 18 de desembre de 1974 A les dotze del migdia va arribar un ferri al port, des d'on va desembarcar un grup d'uns 100 Santa Claus. Portaven amb si una oca gegantesca. La idea era fer una espècie de “Oca de Troia” i, en arribar a la ciutat, treure per dins els... [+]
No vull a gent que no sàpiga compartir el paraigua. No estimo a la gent que camina massa de pressa quan no soc jo, ni a la qual camina massa a poc a poc (bo, això sí una mica, però només una mica). No m'agrada la gent que se senti en el seient del passadís en l'autobús. No... [+]