argia.eus
INPRIMATU
Anitzak

2014ko urriaren 23a

Han hitzak, hemen hitzak... Ar hitzak, eme hitzak... Arren hitzak, emeen hitzak.... Ar-eme hitzak harreman hitzak... eta ekintzak? Nola zebiltzank?

Lehen gertaera: Aurtengo Kilometroetako kanta, hain aberats eta oriotarrentzat etxekotua, irakurri eta entzun dut, gustu handiz. Zorionak Olatz beste behin ere!

“Saria hausiya zekarkiñe
marian sartuko omen ditun
eokieran bi mila baixkine...
Zeinek esan du hika egitea euskara konplikatzea, zailtasuna, swahili... dela?

MUTILLOYAN AMARRATUTA, ZENBAT LEZAKE KONTA.. AITU, MUXU BOTA ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!

Euskera soildu, inausi, kimatu... behar badugu, ez bedi izan herrian txertatutik. Ez diezaiogun Euskara Batuari deitu euskerak, eusk-eraz egiteko erak eskaini eta guk erabiltzen ditugulako. Eta gutxiago era hauetako bat hika edo noka denean. Elizak berorika jarri gintuen eta zezenketek beronika... heldu hika egiteko joera berpizteari. Hika ari dena euskeraz ari da, zuka ari denak ez du garantia hori bermatzen, beti.

Zenbat ahalegin eta txanpon... inbertitzen ala xahutzen dugu ez dakitenek euskara ikas dezaten? Eta erabil dezagun? Bizi dezagun?

Bigarren gertaera: Asteburu honetan Lapurdiko Senperen Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna. 50/60 pertsona bildu eta hainbat ekintza burutu genuen. Duela hiruzpalau urte bederatzi Bertso Eskola genituen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan eta egun 31 ditugu. Egun berean, Xilabako kanporaketa ere Senperen jokatzea egokitu zen eta 300 pertsonatik gora entzuten, ideiaz blai oholtzaratu ziren bertsulariek zer ekarpen egiten zuten bizitzera. Hainbesteko arrazoi oldea ondo tolestuta entzutea, a zer gozatua!
Goizaldera, gorputza eta mihia dantzan hasi zirenean, ilunak argi erakutsi zidan aisialdiak zenbateko pisua duen bertsoa, euskera... eta zeinek daki zenbat gai interesgarri geureganatzeko. Jolasean, era arin eta gustagarrian barneratutakoak zeinen ederki funtzionatzen duen: zuberotarrak gabiriarrenak bezala gasteiztarrak urretxuarren ziriak hausnartzen; Larrabetzukoak hendaiarrekin zirtoka eta lesakarrak azkaindarrak xaxatzen... euskalkiek zuten beren berezko lekua harturik eta, esan bezala, han hitzak anitzak ziren... sekula baino dibertsoagoak!

Ez soildu zailtasuna, aniztasun interesantea badaiteke, aberastasun indargarria... alferrikakoa, aho-korapiloa, hitz hutsala, adaburu maskala... ez inausi. Matarrasa!   

Gazte horien arteko harreman jariatua, giroa, konplizitatea, batera ikustea... mugagabeko euskeraren herriaren eraikitze oinarri interesanteena izango da.