Gazte mugimenduko jardunagatik birritan izan dute espetxean Markel Ormazabal (Donostia, 1982). Soziologia ikasketak burutu eta bere lehen liburua osatu du barrote artean: Hemen naiz, ez gelditzeko baina (Txalaparta, 2014). Kartzela kronikatik harago doa liburua, eta liburuaz harago hitz egin digu, idazketaz eta bereziki espetxeaz.
Noiz iritsi zinen kartzelara?
Bi garaitan izan naiz. Lehenik 2002an, kale borrokaren aurkako polizi sarekada batean atxilotu ninduten. Hiru egunez inkomunikatu eta torturak sufritu ostean, Alcalá Mecoko gazte moduluan izan ninduten hilabetez. Bigarren espetxealdia 2007tik 2013ko urtarrilera izan zen, Jarrai-Haika-Segiren sumarioan auzipetuta. Aurretik, aita ere preso eduki zuten, 18/98 auzia zela-eta.
Gure historian kartzela horren presente izanik ere, hartaz deus ez dakigula azpimarratu duzu.
Liburuaren aurkezpenean bota nuen anekdota: kartzelan sartu eta urtebetera, auzoan presoen eskubideen aldeko saltsa guztietan ezaguna dugun emakume bat agertu zen gurasoenean, janariz betetako bi poltsa eskuetan, semeari eramateko zirela esanez. Kartzelaren inguruko gaietan aditutzat nuen, baina emakumea ez zen ohartzen Herrera de la Manchako garaietatik, duela ia 30 urte, debekatuta dagoela janaria sartzea kanpotik.
Preso egon direnen aipamenak eta erreferentziak baliatu dituzu. Nolakoak dira bilketa lana eta sormen prozesua ziegatik?
Kartzelak inbutuaren antza duela esaten zuen lagun preso batek. Patioan janariaz hitz egiten genuen maiz; kartzelara iritsi eta lehen egunetan sekulako txuleta edo bakailaoa jateko gogoa duzu, baina denborarekin inbutuaren irteera mehetzen doa eta azkenean, bi arrautza frijitu duinekin konformatzen zara. Sormenarekin ere berdin: kartzelara iristean sekulako burutazioak nituen, komiki liburua, bertso liburua, poesia… Baina bitartean kartzelari buruzko testuak biltzen joan nintzen eta urteak igarota, informazio pila nuela eta zer egin ez nekiela konturatu nintzen. Horregatik, liburua collagea da kronika baino gehiago. Erreferentzia ugari dago, baina ez daude guztiak. Miaketak, ziega aldaketak direla eta, paper piloa galdu nuen.
Irutxuloko Hitzan ere kolaboratzen zenuen. Idazteak ihes egiten laguntzen du?
Kartzela barruan nork bere diziplinak bilatu ditzake, ikasketak, kirola, idazketa… baina idazten duen presoak bere denbora kartzelakoari ezarri eta denbora hori praktikatuz ihes egiteko egiten du.
Irutxuloko Hitzan aurretik kolaboratzen nuen. Barrutik idazten jarraitzeak Donostiari buruzko informazioa irensten jarraitzeko aukera eman zidan. Ikaragarri eskertzen diet.
Idatz liteke kartzelaz inoiz barruan izan barik?
Ziurrenik ez. Kartzelaz idatzi diren testu onenak preso egon direnek idatzi dituzte, bai sormenezkoak, baita akademikoagoak ere. Pedro Oliver irakaslea datorkit gogora. Bere garaian intsumiso izateagatik Iruñeko kartzelan egona, gaur egun ziurrenik Espainiako Estatuan kartzelaren inguruan ikerketa gehien osatu duen irakaslea da.
Presondegiaren zigor sistemak gizarteari zer dakarkion mamitzen du liburuak.
Bai. Espetxea aberrazio soziala da, alfonbraren funtzioa betetzen du: gizarteko zikinkeriak azpian gorde eta ikusten ez ditugun bitartean, zoriontsu gara. Horregatik, espetxeari buruzko hausnarketa kolektibo sakona egin behar dugu. Kartzela bai ala ez eztabaida mahai gainean ezagutu dut beti. Baina ez da gauza bera “espetxeak euren jabeentzat” edo “espetxeak apurtu” oihukatzea. Hortik dator betiko galdera: inoiz herri askea izango garenean, zer egingo dugu delitugileekin?
Posible da kartzela gabeko herririk?
Ziur naiz baietz, Euskal Herria oso jendarte txikia delako. Sinesten dut herri txikiek komunitatea eratzeko duten gaitasunean eta Euskal Herriak elementu guztiak betetzen ditu bestelako esperientziak lantzeko. Hortaz pentsatuko duen jendea behar dugu.
Kartzela-literaturak Euskal Herrian izandako pisuaz hitz-atzea osatu du liburuan Iratxe Retolazak. Hemen kanpoan baino oihartzun handiagoa izan du?
Inguruko herrietan baino gehiago bai. Herriaren errealitate bat mahai gaineratzen jakin du kartzela-literaturak, baina idatzitakoak ere zer pentsatua eman beharko liguke. Testu oso politikoak dira. Sarrionandiak oso lerro argia markatzen du hor, ez hainbeste testuengatik, kalean idazle izatetik kartzelaratua den idazle izatera igarotzen delako baizik. Beste horrenbeste gertatzen da Mikel Antzarekin egun, nahiz eta bestelako kasua den kanpoan emandako urteengatik.
Hala ere, espetxearen eta euskal literaturaren arteko harremana antzinakoa da. 1936ko gerrari erreparatzen badiogu, Jokin Urainek sekulako lana egin zuen Ez dago etxean liburuan. Atzerago joanda, 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuan, aurrenekoz euskaraz kartzelatik idatzitako zenbait bertso plazaratu zituen Bernart Etxeparek.
Lekukotasun pertsonala baino, bizipen kolektiboaren isla jasotzen du irakurleak.
Bai, eta hemen idatzi den kartzela-literatura gehiena ikuspuntu horretatik idatzi da. Badaude salbuespenak, Iñaki De Juanaren Egunak edo Josu Urrutikoetxearen Giltzapeko Sukaldaritza kasu. Nitasunetik idatzitako testuak izan arren ez dute hainbeste sakontzen gorputzean edo norberak kartzelan egoteko moduan; gehiago da ekarpen kolektiboa.
Azkenaldian liburu ugaritan ageri dira musika-aipamenak. Zuk atal bakoitza abesti batekin itxi duzu.
Musika erabiltzea, melomanoaren ezaugarria izateaz gain, bada kartzelaren ezintasunari lotutako ariketa. Aspaldi debekatu zen kartzeletan musika sartzea. Nik musika erosi eta Euskal Herrian ekoitzi berri ziren lan batzuk entzuteko aukera izan nuen, baina ez da ohikoa. Liburuan aipatzen ditudan azken urteetako abestiak lortu ahal izan nituenak dira, zaharragoak, aldiz, faltan sentitu eta entzun ezin nituenak.
Erosteko zortea izan dudan arren, ezin izan dut musika sortu. Instrumentu-eskaera guztiak baztertu zizkidaten segurtasunaren izenean. Liburuan kontatu dut, The Clash-ekoek Londresen “Preso bat, gitarra bat” kanpainak egin izan dituztela instrumentuak kartzelara sartzeko, baina oztopoak izugarriak dira.
Izenburua Lisabören abestitik, Hemen naiz, ez gelditzeko baina. Baina kartzelaren itzala, presoaren baitan gelditzen da.
Bai, hori aipatzen dut Sarrionandiaren poemarekin liburu hasieran: “Preso egon denaren gogoa etengabe kartzelara itzultzen da”, pentsatuz nor egongo den gero zuk utzitako zeldan… Kartzelan nengoela behin eta berriz irakurtzen nuen poema eta esaten nuen, “ezinezkoa da, hemendik atera eta ze arraio itzuliko zaizu gogoa barrura!”. Baina benetan ulertu dut Sarrionandiak zioena, behin kalera atera eta urtebetera. Preso egon izana ezin da erauzi, hor geratzen da, nahiz eta gu ez garen gelditzen. n
Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]
Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean.
"Gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka" mobilizatuko da Langileon Nazioarteko Egunean.
Aitzindariak elkartea Aitzina Biga ikuskizuna prestatzen ari da. Ehun parte-hartzailetik gora izango dira dantzan, musikan, antzerkian, kantuan eta bertsotan apirilaren 19an Maulen aurkeztuko den ikuskizunean. Uztaila bitarte, beste lau emanaldi izango dira: Miarritze, Arrasate,... [+]
Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]
Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.
Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.
Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".
Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.
Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.
Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]
Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]
Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.