Kutxabanken egiazko “estatu kolpe” baten atarian gaude, Espainiako Gobernuak martxan jarri eta EAJk, PSEk eta PPk babestutako dinamika politikoa gelditzen ez badugu behintzat. Abenduaren 31rako konponduta behar du. Eta presa handia dago hurrengo hauteskundeen ondorioz aldatu daitezkeen indar orekak blindatzeko. Martxan dago aurrezki kutxak banku fundazio bihurtzeko prozesua. Hala, Kutxabanken gaineko kontrola galduko litzateke, akziodun pribatuak sartuko direlako. Hau da, euskal finantza sistemaren ardatza den egungo Kutxabank, pribatua izatera igaroko litzateke. Bere ondarea 100 urtetan zehar osatu da euskal herritarren aurrezkiekin. Ondare hori garapen ekonomiko, industrial eta sozialerako bideratu liteke, baita gizarte ekintzarako ere. Pribatizatuz gero, akzionista eta inbertitzaile pribatuetara pasako litzateke. Egiazko “estatu kolpea”: kontrol publiko eta soziala duen entitate izatetik, kapital pribatuaren interesetara dagoen sozietate izatera.
Euskal jendartean badaude alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialak bide horren kontrako jarrera azaldu dutenak. Zenbaitek alternatiba ere proposatu dute Kutxabankek erakunde publiko eta demokratiko gisa jardun dezan. Ildo horretan, batzuk lanean ari dira pribatizatzeko helburu hori eragotziko lukeen marea sozial bat sortzeko. Kutxabank Publikoa plataforma herri guztietan ari da hitzaldi, eztabaida eta mobilizazioen bidez marea hori sustatzen. Herritarren aurrezkiak ez galtzea da lehentasuna, gizarte ongintza bermatzea eta finantza erakundeari etorkizun ekonomiko eta demokratiko bat ematea. Horretarako, aurrezki kutxa tradizionalen oinordeko den Kutxabankek kontrol publiko eta soziala eduki behar du, Euskal Herriaren zerbitzura egon. Eta ez inbertitzaileen interes pribatuen menpe.
Belen Bilbao mediku eta militante feministaren, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxearen eta Skolastika literatur proiektuaren ibilbidea aitortuko dute VII. Zirgari Sariek. Martxoaren 7an egingo da sari banaketa, Bilboko BBK Aretoan.