Kaliforniako Death Valley haranean bada Racetrack Playa izeneko laku bat, normalean idor badago ere aldiro urez estaltzen dena. Berriro lehortzean, bertako harriek hainbat metroko bidaia egiten dute, arrasto garbiak utziz. Gertakaria azaltzeko hipotesi ugari eman izan da.
Azkenik, misterioa –haren zati bat– argitu dute bi ikerlari estatubatuarrek. Orain bi urte hasi zuten ikerketa, eta fruitua gutxien espero zuten bidetik iritsi zaie. 2011n hainbat harri markatu zituzten, eta 2013ko abenduan harri horien posizioa ikustera joan zirenean, lakuaren zati batean izotz geruza mehe bat zegoela ohartu ziren. Hasieran ez zioten eman garrantzi berezirik, baina goizaldean, bertan lo egiten ari zirela, hainbat kraskatako entzun ondoren ulertu zuten misterioa. Goizeko eguzkia izotza urtzen hasten bazen, eta une horretan haizea baldin bazegoen, harriak pixka bat mugitu egiten ziren. Fenomenoa askotan gertatuz gero, harrien arrastoa metro batzuetakoa izatera ailega zitekeen.
Harrietako batek 224 metroko bidaia egin zuen bi urtean, eta beste bat higitzen ari zela filmatu zuten. Hala ere, plazaratutako hipotesiak ez omen du erabat balio ikerlariek markatuta zituzten harri guztien higidura azaltzeko. Beraz, misterioa ez dago erabat argituta oraindik.