Nobela berria aurkeztu zuen apirilean. Izenburua ere hilabetearena: Apirila (Susa). 1766an Iñigo Aranbarriren (Azkoitia, 1963) sorlekuan izan zen matxinadaren gaineko eleberria, egilearen estilo zorrotz, gartsu eta zirti-zartakoan eder idatzia.
Intsausti jauregira ekarri nahi izan gaituzu elkarrizketan.
Nobelara bueltatzekotan, Intsaustira etorri beharra zegoen. Nobelan ageri den espazio sinboliko nagusietako bat da –bailarako beste edozein industrialderekin batera–, Intsausti jauregia, Peñafloridako kondearen etxea, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen egoitza. Industriari dagokionez, hortxe ageri da krisiaren ezpala, hasieratik amaierara.
Adiskideen Elkartearen 250. urteurrena ospatu berri dute Intsausti jauregian bertan. 1766ko matxinadaren hotsik ez haien diskurtsoan.
Nola, bada! Batari buruz hitz egiteak ez luke besteaz hitz egitea galarazi behar. Inork ez du zalantzan jartzen Peñafloridako kondeak-eta zer aurrerapen ekarri zituzten, zientzian, medikuntzan eta abarretan, baina matxinadaren historia ezkutatu beharrik ez dago. Peñafloridako kondeak-eta heriotza zigorra eskatu zuten matxinoentzat, zauriturik ere ia izan ez zenean! Alfonso de Otazu historialariak berak esaten du hori, La represión de la matxinada de 1766 liburuan, eta Aita Esterriparen gutunetan, eta epaiketako deklarazioetan… XX. mendean, berriz, honi buruz jardun zuen lehena Ildefonso Gurrutxaga izan zen. Azkoiti-Azpeitietako matxinadaz jardun nahi izatekotan, klabea da Gurrutxaga.
Zure kasuan, baita Ramon Etxezarreta ere…
80ko hamarkadaren hasieran proiektu berriak abiarazi zituen Etxezarretak, Azpeitiko udalean zinegotzi izan zenean. Liburu bilduma bat, esate baterako. Ordukoa da Pako Aristiren lehenengo liburua, adibidez. Etxezarretak, besteak beste, matxinada garai hura aipatu izan zuen; “aztertzea merezi duen garaia”, zioen… Matxinadaren historia ez da transmititu, Ildefonso Gurrutxagak buruan ibili zuen, Ramon Etxezarretak ere bai, bada Leo Etxeberriaren prentsa artikulu bat ere… Ipurtargiak dira gau ilunean. Gerora heldu dira David Zapirain, Iñurrategi, Fernandez de Albadalejo… Mundu bat da kontatu ez dena. Zalduntxoak gora eta behera ibili gaituzte, Xabier Muniberen izena eman zitzaion Azkoitiko ikastolari, Peñafloridako kondeari berunezko burua egin zaio, plaza eskaini Zalduntxoei… Auziaren beste aldean egon zen herri xeheari estalki eder bat baino ez zaio eman.
Zergatik ez da zabaldu?
Matxinadak historia ikuspegi ekonomikotik aztertzera behartzen zaituelako. Ikusi besterik ez dago Euskalerriko Adiskideen Elkartea nork bultzatu zuen. Gurrutxagaren salaketaren ostean Bilbo erorian roedoreska sartu zen Areilza izan zen bultzatzaile nagusietakoa gerra ondoren. Nola jarriko zuten begia matxinoen eskaeretan? Academia Errantekoak, beste horrenbeste. Promozionatu beharreko imajinarioa, gu ume ginela aurrezki kutxetako albumek eskaintzen ziguten hura zen: Blas de Lezo, Elkano, Okendo, Urdaneta, Loiolako Inazio… Mundu hori: “Gu izan gara!”, esanez bezala. Bai, “gu izan gara, eta, gainera, Espainiaren muina izan gara!” Espainia euskaldunen eta gaztelauen arteko itun ekonomikoaren ondorio. Joxe Azurmendik Manifestu atzeratuan salatzen duen mundu hori. Azurmendirik, Arestirik, Txillardegirik gabeko kulturgile organiko haiek “tema vasco” batean daude laketuak, eta 1766ko matxinoek zikina baino ez dakarkie.
Argitara ekarri duzu zuk, literatura eginik…
Bi planotan nuen materiala. Hor zen matxinadaren historia, bai, baina, bestetik, banuen kezka, azken aldian gure bailaran zartateko handiak izan dira. Krisia, lantegiak ixtea, jende tristatua... Batak deitu zion besteari: oraingoan neoliberalismo basatia dugu, eta orduan, berriz, liberalismoaren hasiera, erregimen zaharraren akabera, sistema moralarena. Gizarte piramidea indarrean zegoen: behean zegoena, etsita bizi zen, pobre zen eta bere patua onartzea zegokion. Goian zegoena, aldiz, behartuta zegoen arau moral bat betetzera, eta, ondorioz, behekoa, menpekoa, zaintzera; neurri batean, behintzat. Liberalismoarekin azpikoz gora joan zen sistema hori. Etimologiak gezurra dio, liberalismoak ez du libertatearekin zerikusirik. Eta aldaketa hauetan herri xehea da dolarean jotzen dena. Ez da halabeharra. Urolaldeko matxinoen arrazoi antzekoengatik altxatu ziren Chiapasen ere komunitate indigenak.
Hortxe zure Zapataren oihana, garai bateko lana…
1766ko matxinoek ere aski dute zapatistatik. Ez dute boterea lortzeko asmorik. “Ez tratatu jendea horrela!”, diote. Duintasunaren aldarri egiten dute. Gure bailaran, eta 1766ko garai hartan, aurreneko egunetan bi ziren eskatzen zituzten gauzak: batetik, alearen prezioa jaistea, jan ahal izateko; gaur egun, antzeko gertatzen da Mexikon. Nahikoa da arto opila zentimo batzuk garestitzea, kaleak su hartzeko. 1766an, beste eskaera zen neurri bakarra ezartzea, bi neurri ezberdin erabili beharrean. Gaur egun bankuek jokatzen duten moduan jokatzen baitzuten orduan nagusiek: dolarrak erostean, garesti; saltzean, merke. Berdin alearekin. Espekulazioa salatzen ari ziren.
Garia zen orduan…
Eta gainerakoak. Jauntxoek neurri bakarra onartzea lortu zuten matxinatuek, eta, ondoren, bestelakoak eskatzen hasi ziren, aurretik jarritako isunak bertan behera uzteko, adibidez. Narrosko markesak epailearen aurrean egindako deklarazioan ikusten da hau ondo, matxino batzuek lur sail handiak zatitzeko eskatzen zutela dio. Nekazaritza erreforma eskatzen ari ziren, nolabait. Eta gehiago, udal bilkurak irekiak izatea, plazan egitea, eta pertsona bakoitzak boto bana izatea. Hor bada halako kezka politiko mamitu gabe bat, justizia soziala eskatzen duena.
Azkoitiko Zalduntxoak izu ageri dira zure lanean.
Horregatik ekin zioten hain gogor matxinatuen kontra. Errotik moztu nahi izan zuten mugimendua, zabaldu ez zedin. Eta, hala ere, zabaldu egin zen Eibar, Mutriku, Errezil… Zalduntxoei laido handia zitzaien herriaren portaera. “Guk, hain ondo zaintzen zaituztegu, eta zuek, ordainetan…”. Jauntxoen jarrera hori, alegia, behekoak errukiz tratatzekoa. Izan ere, goitik beherakoa da errukia, esker ona du derrigorra. Hala ematen du. Hor ez da justiziarik sartzen. Narrosen edo Enparanen deklarazioetan garbi ikusten da hori: haserre dira “ardo zikin” bat eman dietelako edaten; edo eskuan muin ematera behartu dituztelako –hau da, zalduntxoek beraiek horixe egitera behartzen zituzten!–, edo albotik pasaeran ez zutelako kapelarik erantzi… Laidoa da, larderia, jauntxoak mendekura bultzatu zituena.
Zeure herria duzu Azkoitia, 1766an gertatutakoa berritu duzu, baina literatura eginez, nobela, baina ez nobela historikoa…
Beharrezkoa nuen kontrapuntua, orduko matxinada eta errepresioa alde batetik, egungo olatu zapuztaile hau bestetik, baina batasun batean, biak nahastu eta iragana oraina bihurtu arte. Ez nuen nahi bi historia izatea. Beste planteamendu bat eskatuko zukeen hala izatera, luzeago jardun gaurkoaz, oreka behartu bat bilatu, eta nik historia bakarra nahi nuen. Eta, horretarako, bi garaiak urtu beharra dago, narrazio bakarra izan dadin. Horretan, parera-parera datorkit eldarnioak eskaintzen duen aukera… Plateraren irudia da, nahi baduzu: plater sakona dugularik, plater hegala dugu, batetik; hor, oraingo garaia dugu. Eta, sakonean, ametsa dugu, eta orduko garai hura… Gaurkoaz luzatzeak ez zuen merezi, jendeak ezagutzen du, badaki: bailara jota dago, hondoa jo du. Beste nobela bat da hori. Joera dugu iragana zuri-beltzean erakusteko, baina uste dut alderantziz behar duela: ordukoa, koloretan; oraingoa, zuri-beltzean. Esteban Alberdiren gaur egungo berri handirik ez dakigu, pixkanaka datorkigu, bakardadea da, zaputza; iraganean murgiltzen garelarik, aldiz, dena beste bizitasun batez ageri da, fresko soziala, itxaropena, zigorra. Kontraste horretan saiatu naiz.
Esteban Alberdik bezainbat protagonismo du Teresak, haren emazte izanak denbora presentean, eta haren andrezkoa denbora iraganean…
Iraganera egin orduko, Teresak hartzen du indar, bai. Agiri zaharrak aztertu besterik ez dago ikusteko emakumeak matxinadan izan zuen indarra: horra emakumeen Zaragozako kartzela, esate baterako. Emakumeen presentzia hori markatu nahi nuen… Bestalde, Esteban, hala presentean nola iraganean, bietan ere erdi lotan dago: batean, burua kolpatu duelako; bestean, gaixorik dagoelako, nafarreriak jota. Nobelan, gizon hori eldarniotan dabil aurrera eta atzera, eta, eguneroko bizimoduan benetan ari dena emakumea da: Teresa, bai iraganean, bai presentean. Horregatik jo dut bi denborak difuminatzera, eta horrekin batera, bi pertsonaia nagusiak: bata desagertu eran hartzen du indar besteak.
Gar handiagoa du Teresak, Estebanek baino…
Teresa matxinatu egiten da. Gaur egungo Esteban etsiak hartuta dago, zuloan; ez dago antolatua. Etsipena handia da, edo da indibidualismoa, norbanakoaren erorialdia.
Apirila nobela soziala dela irakurri dut non edo non…
Sozialetik duen beste beharko luke psikologikotik. Nobelak bazuen manikeismoaren arriskua, alde batetik sinpatikoak zaizkigunak jarriz, eta bestean antipatikoak. Baina antipatikoetan ere nork bere kolorea behar du. Peñaflorida eta Narros ez dira berdinak, eta Arriola Donostiako alkateak berak ere bere arrazoiak eta bere jokaerak ditu. Matxinoen artean, berdin, denetarik dago. Idazlea behartuta dago maila honetako errazkerietatik urruntzen.
Soziala nahiz psikologikoa, Iñigo Aranbarriren estiloan idatzitakoa: hizkera, doia; begirada, zorrotza; idazkera, dotorea…
Seguru asko ez dakit beste era batera idazten. Estilo pertsonala lortzea da kontua. Hori lortuz gero, nahikoa. Ez gara hasiko Apirila zaila den, ez den esaten, hori geure buruaren kaltetan izango litzateke-eta. Adierazkortasunaren aldeko hautua egin dut. Lexikoa berreskuratu dut, bailara honetako hiztegia ere badago, euskara batuarena ere badena, zalantzarik gabe. Elkarrizketak laburrak dira, jario handirik gabeak, gure hitz egiteko modua ere horrelakoa delako, beharbada. Ez dut uste, hala ere, testua gehiegi estutu dudanik. Idazleak hartu behar dituen arriskuak dituzu… Dena dela, uste dut idazleak idatzi egin behar duela, ahal duen ondoen. Badakit zenbaitek 800 orrialdeko liburua zukeela matxinada honekin. Ez da nire estiloa: nik nahiago dut laburrean etsi, soberakoak kendu, erritmoari begiratu… Idazkera gizartearekin batera doa. Txomin Agirrek gauza asko eta asko esplikatu beharra zuen, jendeak ez zekielako, batetik, baina batez ere moralista handia zelako. Horregatik hainbeste kausal-esplikatibo. Gaur egun ezin duzu horrela jardun…
“Hura gizona, hura! Zazpi oin t’erdi bai luze, makal zuhaitzaren irudira zuzen”…
Horrelakorik ez espero nire lanean…
Bazenuen gaia, nobela eraikitzea izan duzu lana, idazle zaren horrek…
Kronika hutsa ere egin zezakeen beste batek. Oso bestelako liburua litzateke. Oso polita izan zitekeen, baina nik literaturaren jolasa nahi nuen: pertsonaiak difuminatzea, iraganeko pertsona batek gaur bizi duguna bizitzea, bi historia horien artean egiten diren keinuak… Eta galderak. Galderak beti. Zergatik sentitzen du hemengo langabetu batek gertuago Grezian bere buruari su ematen dion langile etsia bere ikaskide bat baino? Zuzendaritzan dagoena, kalera doazenen zerrendak egiten ari dena... Bada hor enpatia unibertsal bat.
Heroi gutxi bazterretan…
Hondoratutako jendea da, alkoholak izorratu duena, depresioak jota dagoena, samurtasunik gabe geratu dena harreman bati heltzeko. Egoera ekonomikoak erabat baldintzatzen du garena. Lehengo batean batek esan zidana: “Iñigo, nobela honetako pertsonaia guztiei izen eta abizenak jarri zizkieat nik!”. Ez dut asmo horrekin egin, baina urte hauetako ekonomi erorialdi hau segitu duenak Esteban Alberdi bezalako jendea ezagutu du, bat baino gehiago. Ikaragarria iruditzen zait irakurlea ondorio horretara heltzea, baina hori ere badu literaturak. Literatura asmazioa da, baina askotan ezin duzu errealitatearen erasoa saihestu.
Nobela eginez jakin dugu matxinadaren historia…
Literaturaren eginbeharretako bat ere bada hori. Memoria historikoarena puri-purian bizi izan dugu azken urteetan. Dena den, bada hor beste gai handi bat. Egoera ekonomikoak eragindako gatazkak eta erretratu pertsonalak ezin ditugu bazter utzi. Nekez topatuko dugu egoera aproposagorik giza kondizioaz aritzeko, kontraesanetan sakontzeko. Horra idazlearen lana, nola atera hori guztia eguzkitara apustu estetiko garbi batez, nola sartu irakurlea durduza lezakeen zartatekoa esaldi bakar batean...
Justizia hitza erabili duzu arestian…
Matxinadaren kontu honetan injustizia handia egin delako herri xehearekin. Oranera bidali zuten jendea zigortuta, pentsa, Aljerreraino. Eta Ceutara. Emakumeak Zaragozako erreformatoriora. Kontuizu, gehienak ez ziren itzuliko. Jendea hil egin zen, hil egin zuten, baionetaka hil zuten Hernanin Donostiara zeramatela nobelan ageri den Urreta izeneko hori, hirurogei urte zituen, zapataria zen… Eta injustiziarik larriena: urteetako isiltasuna. Horregatik, nobelan, benetako izenak ateratzen saiatu naiz, ez naiz ahalegindu fikziozko izenik asmatzen. Azkoitian Garagorri, Txaldako, Brigida Arteaga... Azpeitian Imilaun ezizeneko bat –nekez asmatuko nuen hoberik–, Xaxarki, Akotegi… Hor dira oraindik haien oinordeak… Beste izen batzuk galdu egin dira, zoritxarrez… Hauek matxinadan eta, besteak, bitartean, errepresioa prestatzen. Zapatistak gure begi gandutuetara bezain xalo: ez al zuten ikusten zer zetorkien? Donostiako kontsulatuak eta Caracasko errege konpainiak finantzatu zuten errepresioa. Historiaren tolesduretako batek harrapatu zituen bete-betean.
“80ko hamarkadan bazen lelo bat: ‘Obrero despedido, patrón colgado’ (Langilea kaleratua, nagusia urkatua). Ugazabaren panpina esekitzen zuten orduan garabi muturretik. Gaur egun, aldiz, irudi bera erabiltzen da, baina langilea ageri da esekita, ez nagusia! Lehen, justizia primitiboa sinbolizatzen zuen fikziozko mendeku hark; gaur egun errukia bilatzen da. Irudiaren indarra da, eta hedabideek dute giltza askotan. Gure bailaran, Corrugadoseko langileek gurutzez josi zituzten errepide bazterrak. Justizia eta errukia… ematen du zer pentsatua”.
“2007an, Grand Tourra antzerki-lan argitaragabea publikatu zen Egan aldizkarian. Grand Tour-a, XVIII. mendean, aberaskumeen erritu iniziatikoa zen, esateko moduan; Florentzia, Erroma, Viena, Paris eta beste zenbait herritan barrena egiten zuten bidaia. Azkoitiko Altzibar-Jauregitarren etxean agertu zen lan hura, eta dirudienez bertako sukaldean antzeztu zen 1772an. Obran, etxekoandrea eta herriko bi emakume ageri dira, bata argiagoa, bestea ergela; zirkuko pailazoen eskema bera dirudi. Klase antzerkia da, El borracho burlado den bezala: aberatsak aberatsarentzat egina. Eta zein da, bada, gaia El borracho burladon? Pobreak mozkortu arte edaten du, eta markesa dela sinestarazten diote. Obraren helburua mailaz igo dela sinestuta bizi den gizajoaren lepotik barre egitea da. Eta handik bi urtera, matxinadarekin, gai bera, errealitate bihurtuta. Jauntxoak mendean hartu dituztela uste duten gizon-emakumeak. Obra klasistak dira, oso garaikoak. Eta eskola sortuko dutenak, gaur arte”.
Durant segles, l'encariment dels béns necessaris per a la subsistència, o l'escassetat, la rebel·lió i la protesta han provocat una gran quantitat de ciutadans. La gent oprimida sempre ha estat disposada a provocar enfrontaments i disturbis quan falten mitjans per a satisfer... [+]
1766an gariaren prezio igoerak eragindako matxinada ikertzen ari da Hide (Yokohama, 1994), doktore tesirako. Segurako Udal artxibora jo du lanaren inguruko dokumentazioa bilatzeko.
Azpeitiko Kultur Mahaiak egindako proposamena aho batez onartu zuten ohiko udalbatzarrean eta "galtzaileen borroka" gogora ekarriko duen kalea izango du herriak.
1766ko herritarren altxamendua gogoratzeko egitarauaren berri emango dute ostegun honetan Azpeitian. Matxinada sozial haren oinarriak inoiz baino biziago daude kapitalismoaren krisiarekin.
Ez da Madrilgo plaza nagusiraino joan behar behartsuenganako jarrera umilianteak ikusteko. Nahikoa da Euskal Herrian 250 urte atzera egitea: El borracho burlado-k ederki laburbiltzen du orduko eta gaurko eliteen umore zanpatzailea.