Antzinako Txinan sendagileek ez zieten gaixoei sosik kobratzen etxera bisitan joaten zirenean. Orduan, zertaz bizi ziren Txinatar Inperioko medikuak? Badirudi bizisari moduko baten bidez ordaintzen zietela sendagileei. Gaixo zeudenek ez zuten ordaintzen, sendatutakoek ordea bai, eta hala, medikuek hilero soldata jasotzen zuten. Soldata hura emaitzen araberakoa zen; zenbat eta gaixo gehiago sendatu, orduan eta ordainsari handiagoa jasotzen zuen sendagileak.
Are gehiago, medikuak gaixoari dirua sendatze prozesua amaitu baino lehen eskatuz gero, gaixoak haren aurka salaketa egin zezakeen, eta okerra heriotzaz ordaintzen zen. Muturreko neurri horren bidez, agintariek bermatzen zuten medikuntzaren profesionalak ondo trebatuta egongo zirela, eta ahalegin guztiak egingo zituztela, baldin eta hilabete bukaeran kobratu nahi bazuten.