Sir William Lyonsek Swallow Sidecar Company motorgintza enpresa sortu zuen 1922an, Coventryn (Ingalaterra). Bigarren Mundu Gerra amaitu arte kapotaren aurreko aldean SS inizialek osatutako ikurra (argazkian) zeramaten enpresako autoek, baina gerraostean logotipo hark merkatuan mesede eskasa egingo ziela pentsatu zuten arduradunek eta, nazismo kutsuak ahalezko erosleak uxatuko zituelakoan, enpresari izena aldatu zioten: Jaguar Cars. Kapotan metalezko felino oldarkorraren ikur ezaguna ipini zieten autoei. Gurean, aldiz, S bikoitzari eutsi zioten, besteak beste, Gipuzkoako autoen matrikulek (2000. urtea bitartean), eta Donostiako armarriak, hala nola Realarenak.