argia.eus
INPRIMATU
Irtenbideek zalantzak sortzen dituzte Fukushiman

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko ekainaren 11
Sistema esperimental honen bidez, hormak izoztuta dauzkaten 
hamar metro koadroko zoru zatiak jarriko dituzte.
Sistema esperimental honen bidez, hormak izoztuta dauzkaten hamar metro koadroko zoru zatiak jarriko dituzte.

Fukushimako zentral nuklearra lehertu zenetik hainbat bidetatik barreiatu da erradioaktibitatea. Hasieran, leherketa gertatu zenean, atmosferara gas bidez barreiatu zen, baina geroztik ura du garraiobide nagusi.

Hiru urte daramatzate zentraleko bihotz nuklearrak ureztatzen, tenperatura kontrolatu nahian. Ur horren zati bat gas bihurtu eta atmosferara isurtzen ari da. Gehiena, berriz, lurrean zabaltzen da, eta inguruko zorua eta ura kutsatu ondoren itsasoratu egiten da, hori ere kutsatuz noski. Uraren zati bat biltzen badute ere, denboraz biltegiak kaltetu eta urak isurtzen segitzen du.   

Nazioarteko presioari esker eta batez ere AEBen haserreari esker –isuritako ura Ozeano Barea zeharkatu eta AEBetara ailegatzen ari baita–, interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri teknologiko hartzen ari da TEPCO, Fukushimaren enpresa kudeatzailea. Horietako bat zentralaren inguruan izotz geruza bat sortzea da. Ekainaren lehen astean hasiko dira izotz geruza eraikitzen, eta 2015eko martxoan amaituta behar luke. 1,5 kilometroko luzera izango du, eta eraikitzeko 30na metroko luzera duten 1.550 hodi lurperatuko dituzte. Horien inguruan diametro txikiagoko tutu-sare bat ezarriko da, likido hoztaileak zirkulatzeko.

Horrela, lur eremu zabal bat izoztea eta horri esker eremu horretako ura bertan harrapatuta geratzea espero da. Itxuraz ez da ideia txarra, baina gero eta zientzialari gehiagoren arabera, harrapatutako urak lurraren trinkotasuna ahulduko du eta ondorioz gune nuklearreko egituren zutabeak kaltetu egingo dira. Arazo bat kontrolatzeko larriago bat sortuko ote dute? n