argia.eus
INPRIMATU
Hostazuriaren koloreak
Jakoba Errekondo 2014ko ekainaren 05

Hostazuria (Sorbus aria) gure lurretako genero garrantzitsu batekoa da, Sorbustarrak. Zuritik asko du zuhaitz honek: hostopeko barban sarria eta lore multzo ikusgarriak. Gero gorrirako bideak ere hartzen ditu: loreak pikor ale gorri-gorriak emango ditu, txoriak erakarri eta fruitua janez haziak barreia ditzaten. Zura ere zuri eta gorri artekoa du. Batzuena zuriagoa, gorriztagoa besteena. Denena ona, ebanista zurgin eta arotzen gutizia. Gaur egun ale gutxi batzuk besterik ez dira geratzen bertakoak, naturalak. Lorategi eta baratzeetan gehiago landatzen ari dira, ikusgarri.