Arrikrutz-Oñatiko koba Gesaltza-Arrikrutz-Jaturabe multzo karstikoaren barruan dago. Aizkorriko magalean eta Arantzazu Santutegirako bidean aurkituko duzu, Oñati herrian, Araotz auzoaren atarian, Gipuzkoako koba zabalenetako bat, urak moldatutako gune berezian. Sei solairutan hamabost kilometroko galeriak, iraganera bidaia egiteko.
Milioika urtean urak moldatutako kobak ikusteko aukera du bisitariak 2007 urteaz geroztik. Arrikrutz-Oñatiko kobako 53. galeria da nahi duen orok ezagutu dezakeena, 500 metro behera eginda. Ordubetean egiten den bidaia, “ikusgarria” bisitari gehienen esanetan. Gipuzkoako kobarik handienetakoa den honek historiaurrean Euskal Herrian zegoen fauna ezagutarazten dio bidaiariari.
Haitzulo barruko ibilaldietan, sistema informatiko aurreratuari esker, gai ugari lantzen dira, ikuspegi pedagogikotik eta modu interesgarrian. Arrikrutz-Oñatiko koba Euskal Herriko aitzindarietako bat da espeleologia, arkeologia eta paleontologian. Bertan aurkitu dituzte, besteak beste, hamaika hartzen aztarnak. Baina protagonista nagusia haitzuloko lehoia izan da azken urteotan. 1966. urtean Iñaki Zubeldiak eta Jesus Manuel Marotok aurkitu zuten animaliaren hezurdura osoa; hiru metro eta erdi luze zituen, eta 400 kilo inguru.
Animalia horien guztien hezur batzuk hibernazio garaikoak dira, eta beste batzuk, aldiz, bertara jatera sartutakoan hildakoenak; barrura sartu eta uraren maila igotzean itotako animalienak, zehazki. Hartz gehienak, adibidez, hibernazio garaian hil zirela dio Alvaro Arrizabalaga arkeologoak.
Animalia guztien historiek bisitariak aho zabalik uzten badituzte ere, jakin-min handiena, esan bezala, lehoiak pizten du normalean. Harena da Iberiar penintsulan agertu den hezurdura oso bakarra. Berezitasun horrek ere eman du ezagutzera Arrikrutz-Oñatiko koba. Gaur egun animalia ez dago bertan, Eusko Jaurlaritzaren biltegi batean baizik. Nolanahi, haren erreplika ikusi eta entzun ahalko du bisitariak bidean. “Oso ongi egina” dagoela dio Arrizabalagak. Eta hala, benetako lehoiak sortzen zuen zirrara bera sortzen du erreplikak ikusleengan.
Piztien aztarnengatik ez ezik, Arrikrutz-Oñatiko koba “potentzialtasun handiko lekua” da Arrizabalagaren aburuz, Kuaternarioko sedimentuengatik besteak beste.
Leizeak berak bakarrik ez, kondairak badu garrantzirik bisitan. Elezaharrak dio inguruko emakume antzuek, emankorrak izateko, bainua hartzen zutela Sandaili kobako uretan, Arrikrutz-Oñatitik oso gertu, milaka urte lehenagoko jentilen ohiturei eutsiz. Gaur egun, kondaira horrek utzitako aztarnak ikus daitezke inguruan; besteak beste, haurren arropa baitago duela urte batzuk emakume antzuek bainua hartzen zuten leku berean. Ikusgarria da, halaber, Sandailiko koban bertan eraikita dagoen baseliza txikia.
Erreserbak egiteko, 943 08 20 00 edota www.oinati.eu/turismoa
Kazetaritza arloko zortzi finalisten artean dago June Fernández, ARGIAn argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik. Sari banaketa ekitaldia Andoainen egingo dute.
Vivim en un context en el qual els discursos d'odi antifeministes i racistes a nivell mundial estan augmentant greument. Les narratives d'extrema dreta s'insereixen a tot el món tant per les
xarxes socials com per les agendes polítiques. El racisme i l'antifeminisme s'han... [+]