argia.eus
INPRIMATU
Irudimentsuak

Oier Araolaza @oaraolaza 2014ko martxoaren 26a

Antzerkilariak eta dantzariak ameslariak gara ofizioz; irudimena ohiko lan tresna dugu. Behin, sabaia eta lurra besterik ez zituen tailer itxurako orube sakon eta ilun bat erakutsi ziguten, eta guk oso erraz irudikatu genuen bertan aspaldian desio genuen eskola. Burdin herdoildu eta porlan belztuz betetako bazterrera seinalatuz “hemen ikasgelak izango dira eta han entsegu-gelak” esan ziguten. Guk zoko ilunera begiratu eta ikusi egin genituen ikasgelak, entsegu-gelak, eta haietan ikasleak ikusi genituen: aktore, teknikari eta dantzari izan nahi zuten gazte eta ez hain gazteak ziren, beren buruak prestatzen, trebatzen ari ziren han bertan, gure begien aurrean.

Hezkuntza sailburuak gonbidapen ponpoxo bat bidalia zigun. 2010eko ekainaren 28rako zen hitzordua, eta eguna iritsita Bilbon, Eitbren egoitzan ginen, zintzo. Eserlekuz beteta zegoen areto handian sartu ginen; aurrealdean hizlarientzat tribuna prest zegoen. Aktoreak, dantzariak, zuzendariak, teknikariak, gidoilariak, ekoizleak, kudeatzaileak eta sustatzaileak eseri ginen aulkietan. Arte eszenikoen alorreko ehun lagunetik gora izango ginen.

Sailburuak hartu zuen hitza eta guri zuzendu zitzaigun: “Hemen bertan, eraikin honen beheko solairuan egingo dugu Eszenika, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola. Antzerkia, dantza eta eszenoteknia ikasi ahal izango dira hemen. Bi urte barru, 2012ko irailean irekiko ditu ateak Eszenikak.”

Denbora pasa da, eta irudimena eta ilusioa gurekin dira oraindik, eskolaren arrastorik ez ordea. Hamar urtetik gora dira euskal arte eszenikoetako kideak goi mailako eskola baten premia aldarrikatzen hasi zirela. Hain luze jotzen duten aldarrikapenak hoztu eta hutsean geratzeko arriskua izaten da. Honako honetan Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren Aldeko Plataformari aitortu behar zaio eskolaren sugarra piztuta eta gure irudimen gaitasuna bizirik eusteko gaitasuna.

Eusko Jaurlaritzaren 2014ko aurrekontuetan bada partida bat arte eszenikoen eskolaren izena daramana. 300.000 euro daude jasota kontu-sail horretan. Eskola martxan jartzeko gutxitxo, eskolarik gabe jarraitzeko gehitxo. Diru hori xahututa eskola sortzen hasi dela ikusten hasi beharko ginateke. Irudimena ez zaigu agortu, baina larria litzateke datorren urtean eskola ikusteko begiak ixten jarraitu beharko bagenu.