Hazirik gabe hazten diren fruituen sokari heldu nion lehengo astean, soka luzea. Sexu trukerik gabe sortutako fruituak dira. Paradoxa baten emaitza dira, fruituaren abortua izan behar bailuke ernaldu gabeko loreen ondorioak... Paradoxak paradoxa, hazirik ez duten fruitu antzuak ere badira. Fruitua beti emeak dakarrenez, birjinak eta amak dira. Izen hori eman zaio landareen gertakari horri: “partenokarpia”, grekoz, “birjinaren fruituak”.
Landare batek berez erabaki dezake fruitu antzuak garatzea. Adibidez, bere ugaltze bidean, fruitua jan eta haziak hedatzen animalia bat du lankide nagusi. Urte batean, bata dela edo bestea dela, ezin badu lorerik ernaldu, animalia hori fruituaren sasoian zer janik gabe geratuko da. Bere lankidea ez galtzeko (gosez hilda, emigratuta...), sexurik gabeko fruituak ekar ditzake, ez ugalketarako, baina bai lankidetzan ari denari eusteko.
Gero fruitu antzu gehiago sorrarazten dugu. Landare batzuek zailtasun handiak dituzte sexuen arteko trukea burutu eta ernaltzeko: tomateak (Solanum lycopersicum–), zenbait kuiak eta kurkubik... Ernaldu gabeko lore horiek fruituak ekartzera makurtzeko, hormonak edo tankerako produktu sintetikoak erabiltzen dira.
Errazkeriagatik sortzen ditugu horrelako fruitu batzuk. Espezie dioikoetan adibidez. Horietan sexu arra eta emea landare bereizietan daude, erabat banatuta. Zer egin? Polena soilik emateko leudekeen ale arrak ez jarri eta denak eme, denak emaile; gero geuk egin behar arraren lana. Horietakoak dira kiwia (Actinidia sp) eta kakia (Dyospiros kaki).
Antzuzale gara, baita ere, fruitua jatean haziak traba gogaikarria direlako: begiratu bananari (Musa sp), barruan dituen puntutxo beltx horietako bakoitzak hazia izan behar luke; inork ez luke jango antzua jaten duen erraztasunarekin...
Mahaspasatarako mahatsondoa bezala (Vitis vinifera Sultanina), anana (Ananas comosus), laranja (Citrus x sinensis), pikua (Ficus carica) eta indipikua (Opuntia ficus-indica), luzokerra (Cucumis sativus), pomeloa (Citrus x paradisi), angurria (Citrullus lanatus), ogiaren arbola (Artocarpus altilis), alberjinia (Solanum melongena), udarea (Pyrus communis)... Zenbat fruitu antzu! Hazirik ez duen fruiturik eskuratzen baduzu, gogoratu: ez da sexurik izan tartean, baina baten batek esku hartu du. Hartu eta sartu...