argia.eus
INPRIMATU
Papistak

Itxaro Borda 2014ko otsailaren 06a

Eliza eta estatua 1905etik bereiz dabiltza Frantzian eta eskola girixtinoen eraikuntzak finantziatzea debekatzen duen Falloux legea 1850ekoa da, bi zedarrien haustea eskatzen duena. Ez dakit ohartzen direnez, baina bretxa horiek zabaltzen baldin badira, ikastolen onerako adibidez, Estatua papisten, islamisten eta fede-aire estremistenen esku utziko dute. Egia da euskaldun gisa Frantziako Estatuaren destinoaz axola gutxi dagoela gure artean.

Entzuten da Francesco Aita Saindua progresista dela erraten. Aurrerapena ote da Parisen, urtarrilaren 19an, 1974ko Simone Veilen abortatzeko eskubidearen aurka ibili diren milaka kide, Baionako apezpikua barne, Erromatik sostengatzea? Halaber, Lyongo Barbarin kalotadunak oniritzi ditu ez hain aspaldi ezkontza homosexualaren kontra zirenen lerroak: birjina eta mandoilo xifritu oihulariek ikur berdinak zeuzkaten ahurretan.

Zertara dator eliza estatuaren aferetan muturra sartzera? Mundua Vatikanoaren arabera harilkatu balitz uste dut arorik ilunenean ginatekeela oraindik: herritarrak estresatzeko ordez xahatu ditzala lehenik bere artzaindegi urrinduak! n