Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plan Nagusia aurkeztu du. Jomuga administrazioko langileen artean euskara laneko hizkuntza bihurtzean jarri dute. Ezagutza datuen, edo hobe esan egiaztatutako euskara gaitasun mailen berri, Patxi Baztarrika sailburuordeak berak eman zuen. Egiaztagiriek diotenetik eguneroko erabilerara jauzi handia dago, eta Baztarrikak aitortu du hori.
1995ean Eusko Jaurlaritzako langileen %23,5 ziren lana euskaraz egiteko gai. Gaur egun %51,1ek dagokion hizkuntza egiaztagiria daukate, eta %9,8k dagokiona baino maila bat baxuagokoa. Beraz, langileen %59,9 euskaraz neurri batean lan egiteko gai dira. Guztira 4.052 langile. Gauza bat da gaitasuna eta bestea erabilera. Baztarrikak esan du ondokoa: “Aurrerakada hori oso apala izan da euskara lan hizkuntza gisa erabiltzerakoan, ez da izan ahal bestekoa, ez da izan ezta ere behar bestekoa”. Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plan Nagusiak ildo bereko kritika jaso du: “Anomalia bat da, desorekaren seinale, euskara ere hizkuntza ofiziala izanik eta herri langileen eta goi kargudunen erdia baino gehiago euskalduna izanik, euskara ez izatea, gaztelania bezala, laneko hizkuntza ohikoa gaur den baino askoz neurri handiagoan”. Hortik helburu nagusia euskara zerbitzu eta lan hizkuntza gisa erabiltzea.
Beste helburua, herritarrek administrazioarekiko duten harremanetan nahi duten hizkuntza ofiziala aukeratzeko eskubidea egiazki betetzea da. Lau xede zehatzetako batek dio lehentasuna emango zaiela zuzeneko arretako eta jendaurreko zerbitzuetan.