Seyitömer Höyük (Turkia) Brontze Aroko aztarnategian hainbat eskeleto aurkitu dituzte, baita haiei dagozkien garun arrastoak ere. Aurkikuntza garrantzitsua da ehun bigunak kontserbatzea zaila delako. 4.000 urtetan datatu dituzte eta, hala, inoiz aurkitutako giza garun arrastorik zaharrenak dira. Lehen, 2.600 urtekoa zegoen zerrendaren buruan.
Adituen hipotesiaren arabera, garun horien jabeak eremu horretan ohikoak diren lurrikaren eraginez hil ziren eta, ondoren, sute bat izan zen; suak kobazulo barruko oxigenoa agortu omen zuen eta garunak su motelean egosi zituen. Lurzoruaren osaerak ere lagundu du; magnesioak, potasioak eta aluminioak garun arrastoekin erreakzionatu zuten, organoa zeramika bailitzan gogortuz.
Paleontologoentzat berri ona izan arren, aurkikuntzak bereziki neurozientziari egin diezaioke ekarpen nabarmena. Banako haiek izandako garuneko patologiak (hemorragiak, tumoreak, gaixotasun neurodegeneratiboak...) aztertzeak gaixotasun horien jatorria, bilakaera eta ezaugarriak hobeto ulertzen lagun dezake.